Berriak

Dbus-ek ingurumena gehiago errespetatzen duten eta modernoagoak diren lau mikrobus berri gehiago ditu bere flotan

Dbus 2 webAbenduaren 19an Dbusek lau mikrobus berri gehitu ditu bere flotan, eta laster hasiko dira ibiltzen Donostiako hiri autobusen lineetan.

Mikrobus berriek Mercedes Benz etxeko Sprinter txasisa dute, Goiko Autok hornituak, eta Integralia arduratu da haien karrozeriaz, In-Urban modelokoak dira. Ibilgailuak Dbuseko mikrobus lineak erabiltzen dituzten pertsonen benetako premietara egokituta daude. Mikrobusak Euro 6 teknologia dute, ingurumena gehien errespetatzen duen teknologia, alegia. Dbus da teknologia berri hori daukaten autobusak erosi dituen lehen enpresa, hau da, igorpenak gutxitu eta merkatuko igorpen maila txikienetara jaistea ahalbidetzen duen teknologia.

Euro 6 igorpen teknologia duten ibilgailu berriekin Donostiako goi aldeetan garraio publikoko zerbitzua ematen duten lau mikrobus lineetako mikrobusak berritu dira. Mikrobusek modu seguruagoan eta eraginkorragoan gidatzeko prestazioak dituzte, orografia zaileko lekuetan egiten dituzten ibilbide konplexuetarako.  Zehazki, San Roke-Aldakonea 36 linean, Rodil-Zorroaga 37 linean eta Trintxerpe-Altza-Molinao 38 linean emango dute zerbitzua. Autobus hauen erosketarako, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailetik diru-laguntza jasoko da.

Hauek dira mikrobus berrien berritasun nagusiak:

1. Jendearentzako toki gehiago, egungoek 22 leku dituzte eta berriek 26 leku izango dituzte.

2. Informazio pantailak dituzte, eta horiei esker hurrengo geldialdiaren gaineko abisuak eta albiste interesgarriak eman ahal izango dituzte, gainerako autobusek bezala.

3. Ibilgailu berriek Euro 6 motorra dute, eta horri esker egun Euro 3 mikrobusek duten kontsumoa murriztu daiteke, bai eta kutsatzaileen mailak jaitsi ere, kutsadura maila beherenetara jaitsita, gas bidezko propultsio edo GNK (Gas Natural Konprimitua) ibilgailuen kutsadura mailen parera.

Igorpen kutsatzaileen murrizketak hauek dira: karbono monoxidoaren igorpenak (CO) %28,60 gutxiago dira, hidrokarburoenak (HC) %80 gutxiago; nitrogeno monoxidoenak (NOx) %92 gutxiago eta partikula esekienak %90 gutxiago.

4. Arrapala elektrikoa, gurpildun aulkiak sartzeko.

5. 7 abiadura dituen abiadura kaxa automatikoa, konfort optimizatuarekin eta kontsumoen murrizketarekin.

6. Eserleku profesionala, gidariaren postuaren behar ergonomikoetara egokitua.

Hauek dira ibilgailuen beste ezaugarri tekniko batzuk:

• Sarrerako behe plataforma integrala.

• Mugikortasun urria duten pertsonentzako lekua.

• Ate lerragarria, gaur egun irekitzeko maniobrak irauten duen denbora murrizten duena.

• Barrualdearen isolamendu termikoa optimizatzeko sistema.

• Klimatizazio ekipamendua sabaian (hotza/beroa)

• Mugikortasun urria duten pertsonentzako aulkiak zoru baxuaren mailan, eskailera maila igo beharrik eduki ez dezaten.

Erosketa berriarekin eta flota etengabe berrituta, Dbusek sendotu egin du bere autobusak ahalik eta erosoenak, seguruenak eta iraunkorrenak izan daitezen, ibilgailuen barruan teknologia berriak erabiltzearen alde azken urteotan egiten ari den apustua indartuz.