Berriak

Dbus-ek kudeatuko du Dbizi Donostiako alokairuko bizikleta publikoen sistema

Mugikortasun iraunkorraren kudeaketa eraginkorra eta garraio publikoaren garapen handiagoa lortzeko xedez, Donostiako Udalak Donostiako alokairuko bizikleta publikoen sistema kudeatzeko enkargua egingo dio Dbusi. Horren harira, gero eta gehiago dira bizikleta publikoaren sistemak hiri garraio gisa hartzen dituzten hiriak eta, hori dela eta, garraio publikoko enpresa operadoreak hasi dira sistemok kudeatzen. Martxoaren 12an Dbuseko Administrazio Kontseilua egingo da eta bertan sistemaren ezaugarriak zehaztuko dira.

Dbizi alokairuko bizikleta publikoaren sistema 2008aren amaieran jarri zen abian. Hasiera batean esperientzia piloto gisa sortu zen, alokatzeko bost estaziorekin eta ehun bizikleta mekanikorekin. Arrakasta izan zuenez, ondoren Donostiako Udala sarea handitzen joan zen eta 2013an sistema berria jarri zen, bizikleta elektrikoekin, hirian dauden aldapak igo ahal izateko eta urrutien dauden auzoetara iritsi ahal izateko.

Urrats berri bat sistemaren hobekuntzan

Urte hauetan esperientzia hartu ondoren, Udalak sistema hobetu nahi du eta bizikletaren erabilpena sustatu nahi du, hirian dauden garraio publikoko beste era batzuen osagarri gisa. Horretarako, enkargua egin dio Dbusi lizitatu beharko den sistema berri bat abian jarri dezan. Sistema berria esleitu ondoren, hurrengo 4-7 hilabeteetan sistema funtzionatzen hasi beharko da, eta denbora tarte horretan egungo bizikleta publikoko zerbitzua ere martxan egongo da, hau da, ez da zerbitzua etengo. 

Kudeaketa sistema berriarekin, Dbizi Dbusen eskaintzaren barruan sartuko da eta alokairuko bizikleta publikoen zerbitzuak Dbusen zerbitzuen katalogoan sartuko dira. Sistemak ordutegi zabalagoa izango du, 6:00etatik 00:00etara, eta bizikleta mekanikoak ere edukiko ditu. Horrela, eskaintza biderkatu egingo da eta sistema malguagoa eta osoagoa izango da, eta kalitatea handiagokoa. Horrela, bada, sistema mistoa izango da, bizikleta elektrikoak eta mekanikoak eskainiko baititu.

Sistema berria progresiboki jarriko da matxan

Sistema berriak bi mugarri garrantzitsu edukiko ditu:

Kontratuko lehen urtean, egungo zerbitzutik abiatuta, 120 bizikleta eta 16 estazio egongo dira (gaur egun, 115 bizikleta eta 16 estazio daude), eta zerbitzua zabalduko da. 267 bizikleta mekaniko gehituko zaizkio, dagozkien 32 estazioekin hiriko gune lauan, gune horretan jada badago-eta bidegorrien sarea. Sare mistoa honako kokaleku hauek osatuko dute: 9 estazio Erdialdean, 3 Antiguon, 6 Ibaetan, 6 Grosen, 9 Amaran, 5 Egian, 1 Loiolan, 1 Intxaurrondon, 3 Aieten eta 1 Ategorrieta-Ulian.

Kontratuko laugarren urtean, bizikleta publikoen sistema leku garaietan eta Erdialdetik urrun dauden auzoetara zabalduko da, bizikleta eta estazio elektriko gehiago jarriz, alde horietan bizikletetarako azpiegitura gauzatzen hasi ondoren. Aurreikusita dago 24 estazio gehiago instalatzea (22 elektriko eta 2 mekaniko), 137 bizikleta gehiagorekin (120 elektriko eta 17 mekaniko). Hauek dira aurreikusten diren kokalekuak: 4 estazio Altzan, 3 Erdialdean, 1 Antiguon, 1 Ibaetan, 2 Grosen, 1 Egian, 1 Amaran, 2 Martutenen, 3 Loiolan, 2 Intxaurrondon, 1 Bidebietan eta 1 Aieten. Horrez gain, beste 2 estazio gehiago jartzea aurreikusten da, baina ez da erabaki non.

Zerbitzuaren kalitatea eta segurtasuna bermatu nahi da

Kudeaketa sistema berriarekin lortu nahi den helburu nagusietako bat da bandalismoa eta lapurretak murriztea. Horretarako, bizikletak ainguratzeko sistema hobetuko da eta indartu egingo da erabiltzaileak identifikatzeko sistema. Era horretan, kontrolatu nahi da non dagoen utzitako bizikleta bakoitza, bai eta mailegu bakoitzaren iraupena ere, bizikletak era arduratsuan erabil daitezen eta sistema bizikletak erabiltzeko egoera optimoenean egon dadin. Sistema berriarekin, halaber, espazio publikoa optimizatu nahi da eta mugitzen ez diren bizikletekin espazio publikoan bizikleten aparkalekuak betetzea saihestu, normalean bizikleta erabiltzen dutenentzat bizikletak aparkatzeko leku gehiago izatea ahaleginduz.

Kalitatea handiagoa izan nahi horretan, sistemak UNE 13816 egiaztagiria ere izango du, zerbitzu on bat bermatzeko. Dbusek egiaztagiri hori 5-Benta Berri, 13-Altza eta 28-Amara-Ospitaleak autobus lineetan du, kalitate estandar horiek linea guztietan aplikatzen baditu ere. Bizikleta sistemari araua aplikatuta zerbitzuaren kalitatearen jarraipen hobea egingo da eta era eraginkorragoan erantzungo zaie sistemaren eskakizunei.

Irakurri

Dbus-ek bat egiten du Emakumeen Nazioarteko Egunarekin

Bihar, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko da eta Dbusek, egunarekin bat egiten duela adierazteko, egunaren kartela jarriko du Donostiako autobusetan.

Ildo horretan, Dbusek Emakunderen aitortza jaso du Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunaren aldeko Erakunde Laguntzailearen bereizgarria jasoz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko hartu duen konpromisoa eta egin duen lanagatik eta eremu soziolaboralean ekimen berriak bultzatzeagatik.

 

Irakurri

Dbus-ek bat egiten du Linfedemaren Nazioarteko Egunarekin

Bihar, asteazkena, martxoak 6, Linfedemaren Nazioarteko Eguna izango da. AGADELPRISEk (Lehen eta bigarren mailako Linfedema eta Lipedema jasaten dutenen Gipuzkoako Elkartea) hainbat jarduera antolatu du gaixotasuna gehiago ezagutu dadin eta egunero gaixotasun horren aurka borrokatzen duten pertsonei  babesa erakusteko, eta Dbusek jarduera horiekin bat egin nahi du.

Horregatik, bihar Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan.

Irakurri

Dbus Madrileko Udal Garraio Enpresan, bisitan

Dbusen eta Donostiako Udalaren Mugikortasun Departamentuaren ordezkaritza bat Madrileko Udal Garraio Enpresaren (EMT) instalazioetan egon da bisitan, Mugikortasuneko eta Garraioetako zinegotzi Pilar Arana buruan zutela.

Bisitan, elektromugikortasunaren alorrean eta autobus %100 elektrikoak kudeatzen duten esperientziaren berri eman ahal izan dute, bai eta dituzten ticketing soluzio berritzaileak jakinarazi ere, hala nola autobusetan EMV kontakturik gabeko banku txartelekin ordaintzeko sistema. Madrileko EMT enpresak, halaber, gidatze autonomoari eta bizikleta elektrikoaren zerbitzu publikoari lotuta dituen proiektuak aurkeztu ditu.

Horretaz aparte, Donostiako ordezkaritzak xehetasunez ezagutu ahal izan ditu igorpen gutxiko guneetako proiektua eta hiriaren erdialdera sartzeko ingurumeneko mugapenak, garraio publikoaren funtzionamendua eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko ezarri direnak.

Irakurri

Dbusek bat egingo du Gaixotasun Arraroen Munduko Egunarekin

Dbusek bat egingo du bihar, otsailaren 28an, ospatzen den Gaixotasun Arraroen Munduko Egunarekin. Egunaren eslogan ondorengoa izango da: “Gaixotasun arraroak, erronka integrala, mundu mailako erronka”.

Horregatik, bihar Donostiako hiriko autobus guztiek informazio kartel bat eramango dute egun osoan, gaixotasun arraroak dituzten pertsonek egunero bizi dituzten errealitateak ahalik eta gehien zabaltzeko eta erakusteko, eta kontzientzia soziala areagotzeko egingo diren jarduerak bultzatzeko.

Irakurri

14 autobus hibrido gehiago Dbus-en flotan

Dbusek badauka jada 12 metroko 14 autobus hibrido gehiago. MAN etxearen Lion’s City NL HIBRIDO modeloko autobusak dira (A37), Dbusek bere flotan sartu duen autobus hibridoaren azken modelokoak, alegia. Gaur aurkeztu dira ibilgailuak, Donostiako Udaletxean egindako ekitaldi batean, Udaleko alkate Eneko Goia, Mugikortasun eta Garraioen zinegotzi Pilar Arana, Dbuseko zuzendari gerente Igor Gonzalez eta MAN Truck & Bus Iberia enpresaren Hiri Ibilgailuen arduradun komertzial Tomas Merino bertan zeudela.

Aurkeztutako ibilgailuak zerbitzuan sartu dira progresiboki, Konpainaren diesel autobus zaharrenen ordez, flota berritzeko planarekin jarraituta.

 

Autobus hibridoen ezaugarriak

2018ko otsailaz geroztik Dbusek modelo horretako lau autobusak ditu. MAN etxearen Lion’s City NL Hibrido modeloak igorpenak %25 inguru murrizteko aukera ematen du antzeko ezaugarriak dituzten autobusen aldean, eta agerian uzten du Dbusek ekologia eta jasangarritasunarekin duen konpromiso etengabea. Ildo honetan, aurreikusten da urtean 350 tona CO2 gutxiago igorriko dela.

Ibilgailu horiek bezala, autobus hibrido berriek hobekuntza batzuk dituzte:

– “Serie”-ko konfigurazioa, abiadura kaxarik gabea, gidatzea oso eroso egiten duena.

Frenatzearen energia berriro erabilgarri egiten dute, suabeago frenatuz, freno elementu mekanikoen kontserbazio handiagoa daukate eta energia gordetzeko sistemari etekin handiagoa ateratze diete.

Arrive & Go funtzio berritzailea dute, zeinarekin ibilgailua geltoki batera hurbiltzen denean eta ibilgailua abiarazten denean edo abiarazten ari den bitartean modu elektrikoan baino ez duen funtzionatzen, gasik igorrik gabe eta ingurunean kutsadura akustikorik eragin gabe.

Eskatutako geltokiaren kartela dute atzeko aldean erabiltzaileen erosotasunerako.

USB kargagailu bi dituzte, bidaian zehar gailu elektronikoak doan kargatu ahal izateko.

Ateetan kamerak ere badituzte harrapatuta geratzea eragozteko, baita atzera martxa egiterakoan talkak eragozteko ere.

– Ateen aldeetan led argiak, horiek zabaltzean eta ixtean pizten direnak.

– Ibilgailuen argi guztiak, baita kanpoko kartelena ere, led argiak dira, aurrezpen energetiko handiago ahalbidetzeko eta hobeto ikusteko.

 

Ibilgailu berri hauek gehitzeak 4.632.600 euroko inbertsioa eskatu du, eta inbertsio hori bankuko mailegu baten bitartez finantzatzen ari da. Dbusek azken hamarkadetan egin duen autobus erosketarik garrantzitsuenetako bat da.

Era berean, 14 autobus hibrido berri horiek sartuta, Dbusek bere flotan dituen 12 metroko autobusen ia %45 elektriko-hibridoa da jada, eta ingurumenarekin errespetutsuak diren flotetako bat.

 

Autobus maketa berria

Dbusek autobus maketa berri bat kaleratu du ibilgailu modelo berri honetan oinarrituta, hau da, MAN etxearen Lion’s City NL Hibrido autobus modeloan oinarrituta.

Maketak autobus modeloa zehaztasunez irudikatzen du, eta datozen egunetan Dbusen webgunearen bitartez eskuragarri egongo da. Webgunearen atal berean, MAN etxearen LION’S CITY modeloko autobusaren maketa ere eskuratu daiteke oraindik ere.

Irakurri

KaTy robota Dbus-eko autobus batean joan da Donostia Ospitalera haurrei bisita egitera

Gaur, otsailak 15, Haurren Minbiziaren Nazioarteko Eguna da eta, hori dela-eta, Dbuseko autobus elektriko batek gaur arratsaldean Donostia Ospitalera eraman du KaTy robota, Star Warseko beste pertsonaia batzuekin batera, ospitaleko Pediatria Unitatean gaixorik dauden haurrak bisitatzeko.

Gaurkoarekin Dbusek bigarren aldiz parte hartu du ekitaldi horretan. Ekitaldia Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak antolatu du Osakidetzarekin eta ASPANOGIrekin elkar lanean (Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartea). KaTy edo R2-KT Star Wars filmetako R2-D2 robotaren arrosa koloreko bertsioa da eta ThePinkForce komunitate donostiarrak sortutakoa da. Talde hori George Lucasen sagaren jarraitzailea da eta R2 eraikitzaileen klubeko kide. Gainera, munduan R2-KTren hiru erreplika bakarrik daude baimenduta eta KaTy da horietako bat. Ekitaldia “#ThePinkForce” haurren minbiziaren aurkako borrokaren aldeko kanpainarekin dago lotuta.

R2-KT robota eta haurren minbiziaren aurkako borrokarekin duen lotura

Ekitaldi horren jatorrian Albin Johnson dago, 501 Legioaren sortzaileetako bat. Legio hori nazioarteko elkarte bat da, kalitate zinematografikoko Star Warseko jantzien inguruan sortutakoa eta ekitaldi solidarioak laguntzen dituena. 2004an minbizia diagnostikatu zioten bere alaba Katieri eta Albin Johnsonek, elkarteko beste kide batzuekin batera, R2-KT robota sortu zuen bere alabari laguntzeko.

Une horretan, robota minbizia zuten haurren ikur bihurtu zen eta ordutik 501 Legioak eta R2-KT robotak, Star Wars komunitatearekin batera, gaixotasun horren aurkako borrokan laguntzen dute, mundu mailan haurren minbiziaren aurkako borrokan ikur bihurtuta.

Irakurri

Dbus-ek bere 500. autobusa gehitu du bere flotan

Dbus autobus hibrido berriak gehitzen ari da bere flotan, eta datozen egunetan aurkeztuko dira autobus horiek. 14 ibilgailu berri etorriko dira eta horien artean egongo da flotako 500. autobusa, kontuan izanda Konpainiaren zati izan diren autobusak eta trolebusak. MAN etxearen Lion’s City NL HIBRIDO autobusa da (A37), eta 804 zenbakia ezarri zaio Dbusen flota osoaren barruan. 500. autobusa ibilgailu hibrido bat da, eta igorpenak %25 inguru murriztea ahalbidetzen du, antzeko ezaugarriak dituzten autobus dieselen aldean.

 

Flotaren bilakaera

Dbus 1886an eratu zen, Donostiako Tranbia Konpainia izenarekin, eta historiako 133 urte hauetan hainbat teknologiatako ibilgailuekin funtzionatu du. Odol trakzioa zuten edo animaliek tiratutako tranbiekin hasi zen eta ondoren tranbia elektrikoak sartu zituen, eta gerra zibilaren aurretik lehen autobusa sartu zuen bere flotan. Autobus horiek urte gutxitan egon ziren zerbitzuan, eta 1944an tranbia elektrikoak baino ez zeuden flotan.

1948an, lehen trolebusak sartu ziren (trakzio elektrikoko autobusak) eta autobus batzuk erosi ziren hiriak zeuzkan elektrifikatu gabeko lineetarako. 1973az geroztik flotan autobusak baino ez dira egon. 2011n Dbusek lehen autobus hibridoa sartu zuen bere flotan eta 2014an lehen autobus %º100 elektrikoa.

Ondoren datozen 5 ibilgailuak Konpainiak bere autobus eta trolebusen flotan sartu zituen 1., 100., 200., 300. eta 400. Ibilgailuak dira

 

1. autobusa 

Data: 1934a gutxi gorabehera. 

Modeloa: Berliet

Matrikula: SS-8792

Flota barruan zuen zenbakia: 1 

Autobus diesela, Tolosan Hijos de Ildefonso Eizagirre sozietateak jarritako karrozeriarekin.

(Argazkia: Trenaren Euskal Museoa)

 

 

100.trolebusa 

Data: 1961a gutxi gorabehera. 

Modeloa: BUT Q1 (British United Traction) 

Matrikula: Matrikularik gabe

Flota barruan zuen zenbakia: 91 

Bi solairuko trolebusa, London Transport Executiveri erosia.

(Argazkia: Jean-Henri Manara)

 

200.autobusa 

Data: 1982 

Modeloa: Pegaso 6038 

Matrikula: SS-6680-P

Flota barruan zuen zenbakia: 206 

Autobus diesela, Burillo jarritako karrozeriarekin. Hiru atedun lehen autobusa flotan.

(Argazkia: Jokin Larrañaga)

 

300.autobusa 

Data: 1997 

Modeloa: Mercedes O405N2 

Matrikula: SS-0464-AZ

Flota barruan zuen zenbakia: 523 

Autobus diesela, Burillo jarritako karrozeriarekin. Mugikortasun urria duten pertsonentzat solairu baxua eta arrapala zituen lehen modeloa izan zen.

(Argazkia: Jokin Larrañaga)

 

400.autobusa 

Data: 2008 

Modeloa: MAN Lion´s City 

Matrikula: 5384 GDN

Flota barruan zuen zenbakia: 709 

Autobus diesela, MANek jarritako karrozeriarekin eta egungo irudi korporatiboarekin.

(Argazkia: Sergio Ibañez)

Irakurri

Dbus-ek mugikortasun elektrikoan duen esperientziaren berri eman du

Gaur mugikortasunari buruzko MOUVEMENTS jaialdia egin da Donibane Lohizunen,  Euskal Hirigune Elkargoaren Mugikortasun Sindikatuak antolatuta, eta Dbusek elektromugikortasunari lotuta dituen esperientziak eta proiektuak jakinarazi ditu bertan. Mugikortasunari lotutako agente batzuk bildu eta haien artean esperientziak eta ezagutzak trukatzeko asmoarekin egindako foro bat da jaialdia.

Jardunaldian, Javier Vallejok, Dbuseko zuzendari ondokoak, Dbusek elektromugikortasunarekin eta ingurumenaren ikuspegitik iraunkorra den garraioarekin duen konpromisoa azaldu du, bai eta elektromugikortasunari lotuta Konpainian gaur egun lantzen ari diren proiektuak ere. Era berean, floten elektrifikazioari modu bideragarrian aurre egiteko operadoreek dituzten premiez eztabaidatu da, bai eta soluzio teknologiko honek konpainien egunerokoan erabiltzeko eta beste propultsio sistema batzuekin konbinatzeko dituzten abantailez eta desabantailez ere.

Dbus E-MOBASK proiektu europarrean parte hartzen ari da, Euskal Kosta-Aturriko Mugikortasun Sindikatuarekin (SMPBA) eta Gipuzkoako Garraioko Lurralde Agintzaritzarekin (GGLA) batera, Euskal Eurohirian garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta errazteko asmoarekin. Proiektuaren zati bat –%65–  Eskualde Garapenerako Europako Fondoarekin (FEDER) finantzatuko da,  Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua da Espainia, Frantzia eta Andorra arteko mugako eskualdearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea. Batez ere mugaz gaindiko jarduera ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak garatzen laguntzen du, lurralde garapen iraunkorraren aldeko estrategia bateratuen bitartez.

Irakurri