DTK-k memoria aurkeztu du eta 2023aren balantzea egin du
DTK-k 2023ko ekitaldiari dagozkion urteko kontuak eta Erantzukizun Sozial Korporatiboari (ESK) buruzko Memoria aurkeztu ditu Administrazio Kontseiluan. Memoria jada eskuragarri dago web orrian:2023.urteko memoria.
2023. urtean DTK-k bere historiako bidaien marka hautsi du, eta hori izan da urteko ezaugarri bereizgarria. DTKn 2023an kontabilizatutako bidaien kopurua, Dbuseko eta Dbiziko zerbitzuak barne, 30.544.764 bidaiakoa izan da, eta 2022an 26.291.471 bidaiakoa izan zen.
Konpainia osatzen duten pertsona guztien ahaleginari esker, eta Udalari esker, akziodun den heinean, eta baita egunero-egunero garraio publikoaren alde egiten duten erabiltzaileei eta garraio publikoaren bilakaeraren oinarri diren aurrerapen teknologiko handiei esker ere, gaur egun Konpainia hiri garraioko enpresa eraginkor eta aurreratuetako bat da Europan.
1.Bidaiak Dbusen
2023.urtean Dbuseko zerbitzuetako autobus bidaiak 29.599.122 izan dira, eta aurreko urtean, berriz, 25.503.508 bidaia erregistratu ziren.
Linea erabilienei dagokienez, 2022an gehien erabili den linea 28-Amara-Ospitaleak izan da, eta horren atzetik 13-Altza eta 5-Benta Berri lineak. Hiru lineek AENORen kalitate ziurtagiria dute, Bidaiarien Garraio Publikoari buruzko UNE-EN 13816 arauak araututa, baina arauak ezartzen dituen konpromisoak, hiru linea horietan ez ezik, autobus flota osoan eta Konpainiaren eguneroko funtzionamenduan ere aplikatzen dira.
2. Bidaiak Dbizin
Dbiziko bidaiek 2023an izan duten bilakaeran nabarmena izan da eskariek izan duten igoera, aurreko ekitaldiarekin alderatuta handia izan baita. Hala, 2023an 945.642 bidaia erregistratu dira, eta pasa den urtean, berriz, 787.963 erregistratu ziren, hau da, bidaiek %20 egin dute gora. Horrek ekarri du batez beste egunean 339 km egitea bizikletan. Azpimarratzekoa da ohiko erabiltzaileek bizikleta elektrikoak nahiago dituztela argi eta garbi. Urtean egindako bidaia guztietatik, %62 bizikleta mota horrekin egin dira.
Sistemako abonatu kopuruari dagokionez, 2023ko irailean abonatuen kopuru maximoa erregistratu zen, 10.879 erabiltzaile; horrek esan nahi du sisteman %30 abonatu gehiago dagoela, 2022ko daturik onenaren aldean (8.370 abonatu 2022ko urrian).
Horrez gain, 2022an Dbizi izan zen AENORen ziurtagiria eskuratua zuen lehen enpresa, Garraio Publikoaren Kalitatea Kudeatzeko Sistemaren gaineko UNE-EN 13816 arauaren arabera, zeinak bere zerbitzuaren kalitatea aitortzen duen.
3. Kotxetegiak elektrifikatzea
2023an DTK-k Kotxetegiak elektrifikatzeko lanak esleitu ditu, eta, horri esker, beste autobus %100 elektriko batzuk gehitu ahal izango dira zerbitzuan. Zehazki, Kotxetegiak elektrifikatzeko azpiegituraren proiektua idaztea eta obra gauzatzea esleitu du. Lanen helburua da Konpainiaren elektromugikortasun beharrak asetzea, Donostiako autobus flota elektrifikatzeko prozesuan bete-betean sartuta.
Dbus zero emisioko flota bihurtzeko, instalazioetako azpiegitura elektrikoa eraldatu behar da. Flotako 4 autobus %100 elektrikoekin kotxetegietako hartune elektrikoak duen ahalmen guzti-guztia erabiltzen da. Horregatik, beharrezkoa da linea elektriko baten trazadurari ekitea Egiako banaketako transformazio azpiestaziotik Kotxetegien inguruetaraino, 1,5 kilometro inguruko distantzian, non sekzionamendu zentro bat egongo den. Sekzionamendu zentrotik zuzeneko hornidura elektrikoa banatzen hasiko da, transformazio zentroetatik igaroz.
Instalazioak elektrifikatzeko lan horiei esker, autobus elektriko gehiago sartu ahal izango dira, eta, horrela, urte batzuen buruan, azpiegitura elektriko berria erabat martxan dagoenean, Dbusek 8,5MW-ko ahalmena edukiko du, eta, beraz, Gipuzkoan potentzia gehien kontratatuta duen erakundeetako bat izango da.
2024ko urtarrilean hasi dira lanak, eta orain arte gutxi gora behera trazatuaren %50a egin da.
4. Flota elektrifikatzea
2023an DTK-k 12 m-ko beste 38 autobus %100 elektriko gehiagoren eta 18 m-ko beste 6 autobus %100 elektriko gehiagoren erosketa esleitu dio MAN TRUCK & BUS IBERIA, SAUri. Horrela, 18 metroko lehen autobus %100 elektriko artikulatuak sartuko ditu flotan modu iraunkorrean.
Autobus %100 elektrikoak eta zero emisiokoak dira, eta Dbuseko flotaren ezaugarri guztiak betetzen dituzte, hau da, plataforma baxuak eta arrapala elektrikoak dituzte mugikortasun murriztua duten pertsonentzat, autobusa %100 irisgarri izan dadin. Era berean, ibilgailua erabat egokitzen da Dbusen baldintza teknikoetara, hala nola, gidariaren lanpostuaren diseinura eta erabiltzaileentzako lekuaren banaketara, besteak beste.
5. BEIren aurretiazko azterlanak
2023an, DTK-k lanean jarraitu du BEI-Bus Elektriko Adimendunaren sistema ezarri aurretiko fasean. Sistema 17 linean (Gros-Amara-Miramon) ezarriko da, Erdigunea eta Gros auzoa autobus eta Renfe geltokiekin, Amararekin, Donostiako Ospitale gunearekin eta Miramongo parke teknologikoarekin lotzen dituen linea baita. BEI proiektuaren barruan erabiltzaileen bidaia esperientzia hobetzeko hainbat ekintza sartzen dira.
Hobekuntza horien artean, azpimarratzekoa da bidaia denborak laburragoak izango direla, autobus horiek semaforoetan lehentasuna baitute, eta, beraz, trafikoak sor ditzakeen gorabeherak saihesten dira. Era berean, ibilbideak azkarrago egiten direnez, erabiltzaileek geltokietan eman behar duten denbora nabarmen murrizten da, eta, beraz, joan-etorrietarako erabili behar duten denbora osoa txikiagoa da.
6. Dbizi sistema zabaltzea
2023 sistema sendotzeko urtea izan da. Izan ere, bere geltokien eta bizikleta elektrikoen sarea handitu da, eta, horri esker, sistemak lurralde estaldura zabalagoa izan dezake eta errazago da mugikortasun jasangarria donostiarren egunerokotasunaren parte izatea.
2023an 21 geltoki berri jarri dira, eta 257 bizikleta elektriko gehiago sartu dira sisteman. Sistemaren handitze horrekin, Dbizi orain arte zerbitzurik ez zuten Donostiako guneetara iristen da, hala nola, Altzara, Bidebietara eta Añorgara. Horrela, hirian estaldura handiagoa eta bizikleta elektriko gehiago eskaintzen ditu, erabiltzaileen eskari handiari erantzuteko.
7. Bidaia txartela QR kodearekin ordaintzea inplementatzea
2023ko irailetik, bidaia txartela QR kodearekin ordaindu daiteke Dbuseko autobusetan. Sistema berritzaile hori Dbuseko linea guztietan erabil daiteke, eta bidaia txartela ordaintzeko beste aukera bat da, eskudirutan ordaindu ordez, Donostian autobusez bidaiatzea errazago eta erosoago eginda, “eassyago” eginda.
Dbusen app ofizialaren bidez eros daiteke bidaia txartela; appa, berriz, iOSen eta Androiden dago eskuragarri Horrela, beraz, lau garraio titulu berri daude erabilgarri:
- 30 minutuko QR txartela, egunekoa: eguneko nahi beste zerbitzutan erabil daiteke, erosi eta hurrengo 30 minutuetan. Transbordoak egiten uzten du. Prezioa 1,85€ da.
- 30 minutuko QR txartela, gauekoa: aurreko kasuan bezala, garraio titulu hau erosleak nahi beste gaueko zerbitzutan erabil dezake, erosi eta hurrengo 30 minutuetan. Prezioa 2,50€ da, eta transbordoak egiten ere uzten du.
- 24 orduko QR txartela: Dbuseko autobusetan mugarik gabe bidaiatzeko aukera ematen du 24 orduz, bai eguneko zerbitzuetan, bai gaueko zerbitzuetan, eta 6€-ko prezioa dauka.
- 48 orduko QR txartela: Dbuseko autobusetan mugarik gabe bidaiatzeko aukera ematen du 48 orduz, eta eguneko zein gaueko zerbitzuetan ere bai. Prezioa 10€ da.
8. Navilens gidatze sistema ezartzea
2023ko Mugikortasunaren Europako Astearekin batera, Dbusek markesinetan inplementatutako Navilens gidatze sistema jarri zuen abian. Distantzia handira irakur daitezkeen QR kodeen sistema bat da, ikusmen desgaitasuna duten pertsonei Donostiako autobus geltokiak modu autonomoan kokatzeko aukera ematen diena. Lokuzioen bidez, seinaleztapen sistema horrek aukera ematen du testuinguruan jarritako informazio eskuragarria lortzeko, hala nola geltokiaren izena, bai eta autobusen iritsiera ordua denbora errealean eta autobusen helmuga ere. Irismen handiko markagailu bisual horiek, halaber, baliagarriak dira beste dibertsitate funtzional sentsorial kognitibo motaren bat duten pertsonentzat, horiek ere orientatu eta informatu baitaitezke irudien eta seinale akustikoen bidez eskura daitezkeen edukiei esker.
9. Dbus, munduan ticketing berritzaileena duten 7 garraio enpresen artean
2023an Dbus izan da Transport Ticketing Global sarian, Garraio Enpresa Berritzaileenaren kategorian, finalista aukeratu dituzten zazpi enpresetako bat. Garraio publikoko ordainketa sistemak aitortzeko nazioartean ematen den ospe handiko saria da. Garraioa jasangarriagoa eta eraginkorragoa izan dadin berrikuntzak egitearen alde bikain ari diren garraio publikoko operadoreen lana azpimarratzen du sariak.
Ezarri dituen jarduera ugariri esker aukeratu dute Dbus. Jarduera horien artean ticketing sisteman egindako hainbat hobekuntza nabarmentzen dira, batez ere txartela ordaintzeko beste aukera batzuk ezarri izana (eskualdeetako garraio txartelak, hala nola, Mugi, Bat, Barik eta Txiktxak; EMV Contactless txartel adimendunak; mugikorretako QR kodea; etab.).
Azpimarratzekoa da sariarekin aitortzen dela garraio publikoa asko erabiltzen dela (Donostia da autobusen erabilera indizerik handiena duen hiria; donostiar bakoitzak 180 bidaia inguru egiten ditu, Europako erabilera kopuru handienetako bat eta antzeko tamaina duten gainerako hirietako erabilera kopuruaren oso gainetik), autobus zerbitzua etengabe hobetzen dela (abiadura komertziala eta puntualtasuna handiak dira), zerbitzuetan maila teknologiko aurreratua duela, ticketing sistemaren hobekuntzak egin direla eta kutsatzen ez duten garraiobideen erabilera sustatzeko hainbat ekimen egin direla. Faktore horiek guztiak funtsezkoak izan dira epaimahaiaren balorazioan eta Transport Ticketing Awards sari ospetsuan finalista gisa aitortzean.
10. Enpresa aktiboa da, hainbat lantaldetan eta forotan parte hartuz, esperientziak trukatuz. Kotxetegietara bisita teknikoak
2023an DTK-k hainbat jardunaldi, foro eta lantaldetan hartu du parte modu aktiboan, bai modu presentzialean, bai online formatuan.
- Global Public Transport Summit kongresuan parte hartzea. Garraio Publikoaren Nazioarteko Batasunak (UITP) bi urtez behin egiten duen kongresua da
Jardunaldian, Dbusek Donostiaren kasuaren berri eman zuen, Donostia elektromugikortasun proiektuaren xede hiri gisa, eta flota elektrifikatzeko eta instalazioak egokitzeko Konpainian egindako urratsak azaldu zituen.
- ATUCen Hiri eta Metropoliko Garraioari buruzko Urteko XXIX. Kongresuan parte hartzea
Dbusek autobus zerbitzuaren deskarbonizazio eta elektrifikazioaren inguruan antolatutako mahai inguruan parte hartu du.
- “5G Euskadi” proiektuaren bukaerako ekitaldian parte hartzea
Euskadin garatu den lehen 5G proiektu pilotua da, eta bere helburua da Euskal Herriko enpresa eta zentro teknologiko nagusien berrikuntza eta eraldaketa industriala bultzatzea.
Era berean, 2023an Dbusek hainbat bisita jaso ditu, eta horietan partekatu ahal izan ditu eskuratutako know-howa eta proiektuak. Bereziki nabarmentzekoak dira honako bisita hauek:
- Israelgo Garraio Ministerioaren ordezkaritza bat. Bisitan zehar, ordezkaritzak egiaztatu ahal izan ditu Dbusek dituen SAE sistemaren (ustiapenean laguntzeko sistema) eta ticketing sistemaren
- AGIR Frantziako elkarteko kideen ordezkaritza bat. Garraio publikoko operadoreetako 500 bat profesional eta Mugikortasun eta Garraioko enpresa, administrazio publiko eta adituak biltzen ditu elkarte horrek.
- Bilbobusen ordezkaritza bat. Teknikariek osatutako ordezkaritza bat zen, eta Kotxetegietako instalazioak ezagutu ahal izan ditu, eta Donostiako autobus flotan instalatutako azken aurrerapen teknologikoak xehetasunez egiaztatu ere bai.