Donostiak Vitoria-Gasteizen egingo den Civitas kongresuan aktiboki parte hartuko du
Irailaren 24tik 26ra bitartean CIVITAS Forum 2012 urteko bilera egingo da Vitoria-Gasteizen, 2012ko Europako Hiriburu Berdean.
Mugikortasun eta Garraio Iraunkorrari buruzko Kongresu bat da, Europan ingurumena errespetatzen duen Garraioarekin gehien konprometituta dauden hiriak elkartzen dituena eta gaur egun eremu horretan urtero dagoen hitzordurik garrantzitsuena dena. 2002an abian jarri zenetik gaur arte, proiektuan sartuta dauden hiri europar guztietan egin dira kongresuak. Aurten Vitoria-Gasteizen egingo da, Arabako “Green Capital” ren baitan.
CIVITAS hirien sarean 200 hiri baino gehiago daude sartuta, Europako 32 herrialde ordezkatuz, eta beren hiriak Hiri Garraio garbi eta iraunkorraren alde konprometituta daude.
Hitzordua hirietako esperientziak trukatzeko eta hirien arteko komunikaziorako leku garrantzitsua da, eta bertan Europako politikariek eta bertakoek parte hartuko dute, bai eta hiriko mugikortasunaren hainbat alorretan aditu diren pertsonek ere.
Donostia hirien sare horretan parte hartzen ari da CIVITAS-Archimedes Proiektuaren bitartez, eta Donostiako Udaleko eta Dbuseko teknikariek oso eginkizun garrantzitsua izango dute Gasteizen egingo den Kongresuan.
Gure hiriak Programaren barruan honako egun eta orduetan parte hartuko duela aurreikusita dago:
– Asteartean, irailak 25, 10:00etatik 11:00etara, Donostiak “Bizitzeko egokiago den hiri baterantz” izeneko gaiarekin egingo den osoko bilkuran parte hartuko du. Bilkura horretan Europako hainbat hirik CIVITAS Plus Proiektuen azken 4 urteetan izan dituzten esperientziak kontatuko dituzte.
– Asteartean, irailak 25, 14:30etik 16:00etara, Dbusek Garraio Publikoaren erabilera sustatzeko neurriei buruzko 4. Bilera Teknikoan parte hartuko du.
– Asteazkenean, irailak 26, 10:00etaik 11:30era, Donostiak “zer egin hiriak oinezko eta txirrindularientzat seguruago izan daitezen” izeneko 9. Bilera Teknikoan moderatzaile lanak egingo ditu.
– Asteazkenean, irailak 26, 8:45etik 9:45era, Donostiak hiriko mugikortasun iraunkorraren gainean dauden ikuspegi eta proposamenekin egingo den Pecha Kuchan parte hartuko du.
– Asteazkenean, irailak 26, 10:00etatik 11:30era, Donostiak bizikletaren erabileraren sustapenari buruzko 10. Bilera Teknikoan parte hartuko du.
Bestalde, irailaren 24an, astelehenean, inaugurazioaren eta osoko bilkuraren ondoren, CIVITAS Sarien banaketarako Ekitaldia egingo da 20:00etan, 2012ko CIVITAS hiria saria barne delarik. Donostiak, Europako beste zenbait hirirekin batera, sarietakoren bat eskuratzeko aukera dauka.
Jardunaldietan zehar, halaber, bisita teknikoak egingo dira eta PAC CIVITASen aholkularitza kontseilu politikoak bilerak egingo ditu, non gure hiria partaide baita.
Programa osoa www.civitas-initiative.org web orrian dago eskuragai, eta web orri horretan ere kongresurako izena eman ahal izango da.
Dudarik gabe, oso aukera bikaina da Europan garraio iraunkorraren eremuan liderrak diren hirietako esperientziak ezagutzeko.