Berriak

Lurraldebus-eko txartelak kargatzeko makina berria jarri da Donostian, aurrenekoa bide publiko batean

Abian da Donostian Lurraldebuseko txartelak kargatzeko makina, bide publikoan jartzen den horrelako lehena. Askatasunaren hiribideko 20. zenbakiaren parean kokatu da, Txurruka kalearen kantoian.

Txartela eskudirutan ordainduko da, eta makinak 50 zentimo, euro 1 eta 2 euro, eta 5, 10 eta 20 euroko billeteak onartuko ditu. 20 euro arte kargatu ahal izango dira, 5en multiploetan. Erabiltzaileek txartelak kargatzeko beste aukera izango dute aurrerantzean, orain arteko ohiko sistema osatuz. Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eskuz esku lan egin dute zerbitzu berri hau abian jarri ahal izateko eta, haren bidez, garraio publikoaren erabilera sustatzeko. Era berean, terminalak hiri barruko eta hiriarteko autobusak bidai txartel bakarraren bidez bateratzeko bidean aurrerapausoa ematea dakar, erabiltzaileen hirien arteko joan-etorriak ahalbidetuta eta probintziako garraio sarean dauden ordainketa sistemak erraztuta.

Makina jartzeko obra zibilak astebete iraun du: ekainaren 25ean hasi zen, astelehenarekin, eta ekainaren 29an bukatu da, ostiralarekin. Hona makinaren neurriak: 2.163mm altu, 340 mm zabal eta 362 sakon. Makinaren armazoia, oina eta atea altzairuzkoak dira eta dena tratamendu antikorrosibo eta antioxidatzailez dago pintatuta. Beralan enpresak egin du obra, eta bera arduratu da makina jartzeaz. Aurrerantzean ere enpresa horrek ustiatuko du terminala. Beralanen esku gelditzen da, baita ere, txartel eskaerak kudeatzea eta ondoren egin beharreko pertsonalizatze lana eta rekarga, beti ere, ohiko salmenta guneek osatzen duen sarearen babesarekin.

Txartelak kargatzeko sareak 300 puntu baino gehiago ditu gaur egun Gipuzkoan. Donostian 85 rekarga puntu daude egun. Establezimendu gehienak egunkari kioskoak dira, baina badira tabako denda, posta bulego eta eraikin publiko batzuk ere. Era berean txartelak Kutxabankeko 150 kutxazain egokituetan kargatu daitezke. Makina hau txartelak kargatzeko gaur egungo makina sarea osatzera dator. Sare horrek, orain arte, zazpi makina zituen, denak autobus geltokietan: Donostian, 3; Bilbon, 2, eta Gasteizen, 2. Ondorengo webgunean daude eskura rekarga puntu guztien mapa: www.lurraldebus.net

Lurraldebusek 285.149 txartel ditu gaur egun. Probintziako sareko autobusetan eta Donostiako Tranbia Konpainiako autobusetan erabil daitezkeenak. Dbusen dauden ordainketa sistemak egokituta, orain Lurraldebus txartela dutenak Dbuseko autobusetan sartu ahal izango dira txartel berarekin, horrek ematen dituen abantaila guztiez gozatuta, adibidez autobus arteko transbordoak doainik egitea eta erabiltzaile perfilen araberako deskontuak lortzea. Gainera, urratsak egiten ari dira, oraindik ere, txartel bakarra ezartze aldera.