Berriak

Plaka bat Mikel Zabalzaren eta Angel Portugalen oroimenez, Dbus-en egoitzan

Donostiako Udalak eta Dbusek plaka oroigarri bat jarri dute Dbusen instalazioetan, Euskal Herrian modu batean edo bestean azken hamarkadetan egon den biolentziaren biktima izan diren langileen omenez. Plakak testuinguru horretan hil ziren Dbuseko bi langileren aipamena egiten du, Konpainiaren gidari izan ziren Mikel Zabalza eta Angel Portugalena.

Plaka gaur goizean egindako ekitaldi batean ezagutarazi da, non langile bien senideak ez ezik, Donostiako alkate Eneko Goia, Dbuseko zuzendari gerente Igor Gonzalez, Dbuseko Administrazio Kontseiluko kideak, Donostiako Udaleko Giza Baliabideen Batzordeko zinegotzi eta kideak, Gogora elkarteko ordezkariak eta Gipuzkoako Aldundikoak eta Dbuseko lehengo langile batzuk ere egon diren.

Plaka oroigarri hori Dbuseko Enpresa Batzordeko kide diren sindikatuen ekimenez jarri da, eta testua Donostiako Udaleko Giza Baliabideen Batzorde Ez-iraunkorrean onartu da, non Udaleko talde politiko guztiek parte hartzen duten. Alkatea da organo horren burua, eta bertan giza eskubideei lotutako udal politikaren alderdiak aztertzen dira.

Mikel Zabalza, Dbuseko gidaria, 1985ean atxilotu zuen Guardia Zibilak eta ondoren bere gorpua agertu zen Bidasoa ibaian. Angel Portugal, hau ere gidaria, bihotzeko batek jota hil zen, 1997an berak gidatzen zuen autobusak kale borrokako ekintza bat pairatu ondoren.

Plaka hau jarrita, bai Donostiako Udalak bai Dbusek estimua adierazi nahi die hainbat hamarkadatan testuinguru zailean lan egitea egokitu zaien langile guztiei eta, batez ere, hildako bi langileei.