Berriak

Dbus, mugikortasun elektrikoari buruzko jardunaldi bateko partaide

Urriaren 22tik 23ra bitartean negozio berrien gaineko kongresu bat dago Aranjuezen, Carril Bus sektoreko aldizkari espezializatuak antolatuta, eta Dbusek elektromugikortasunari lotuta daukan esperientzia eta egin dituen proiektuak ezagutarazi ditu bertan.

Ibilgailu elektrikoak dituzten beste hiri batzuetan, esaterako Madrilen, Valentzian, Bartzelonan edo Malagan diharduten operadoreen ordezkariekin batera, Dbuseko zuzendari nagusi Igor Gonzalezek solasaldi batean parte hartu du Dbusek elektromugikortasunarekin eta ingurumenaren ikuspuntutik iraunkorra den garraioarekin duen konpromisoa azaltzeko eta konpromiso horri lotuta Konpainian gaur egun lantzen ari diren proiektuak ezagutarazteko. Solasaldian, halaber, floten elektrifikazioari modu bideragarrian aurre egiteko operadoreek dituzten premiez eztabaidatu da, bai eta soluzio teknologiko honek konpainien egunerokoan erabiltzeko eta beste propultsio sistema batzuekin konbinatzeko eskaintzen dituen abantailez eta desabantailez ere.

Dbus aintzindaria izan da eremu honetan, izan ere, 12 metroko autobus %100 elektriko bat abian jartzen zuen lehen operadorea izan zen 2014an. Autobusa Irizarrek fabrikatutakoa zen, eta ezaugarri horiekin Europan fabrikatzen zen lehen autobusa zen. Harrez gero mota horretako 3 autobus %100 elektriko ditu eta 18 metroko lehen autobus %100 elektriko artikulatua probatzen ari da. Autobus hori ere Irizar Taldeak fabrikatu du, eta autobus linearen bukaerako geltokian aukerako kargagune bat dauka. Azken asteetan beste proiektu pilotu bat ere jarri da abian CAF Taldeko Vectia enpresak fabrikatutako ibilgailu elektriko-hibrido bat probatzeko. Autobusa modu hibridoan zein modu elektrikoan dabil, kanpoko kargaren premiarik gabe; beraz, ez du azpiegiturarik behar, ez linean, ez Kotxetegietan.

Dbusek, halaber, 12 metroko 24 autobus hibrido dauzka une honetan, hau da, flotarik iraunkorrenetako bat dauka. Ibilgailu horiekin zaratarik eta igorpen kutsatzailerik gabeko garraio publikoa eskaini daiteke.