Berriak

Dbus-ek mugikortasun elektrikoan duen esperientziaren berri eman du

Gaur mugikortasunari buruzko MOUVEMENTS jaialdia egin da Donibane Lohizunen,  Euskal Hirigune Elkargoaren Mugikortasun Sindikatuak antolatuta, eta Dbusek elektromugikortasunari lotuta dituen esperientziak eta proiektuak jakinarazi ditu bertan. Mugikortasunari lotutako agente batzuk bildu eta haien artean esperientziak eta ezagutzak trukatzeko asmoarekin egindako foro bat da jaialdia.

Jardunaldian, Javier Vallejok, Dbuseko zuzendari ondokoak, Dbusek elektromugikortasunarekin eta ingurumenaren ikuspegitik iraunkorra den garraioarekin duen konpromisoa azaldu du, bai eta elektromugikortasunari lotuta Konpainian gaur egun lantzen ari diren proiektuak ere. Era berean, floten elektrifikazioari modu bideragarrian aurre egiteko operadoreek dituzten premiez eztabaidatu da, bai eta soluzio teknologiko honek konpainien egunerokoan erabiltzeko eta beste propultsio sistema batzuekin konbinatzeko dituzten abantailez eta desabantailez ere.

Dbus E-MOBASK proiektu europarrean parte hartzen ari da, Euskal Kosta-Aturriko Mugikortasun Sindikatuarekin (SMPBA) eta Gipuzkoako Garraioko Lurralde Agintzaritzarekin (GGLA) batera, Euskal Eurohirian garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta errazteko asmoarekin. Proiektuaren zati bat –%65–  Eskualde Garapenerako Europako Fondoarekin (FEDER) finantzatuko da,  Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua da Espainia, Frantzia eta Andorra arteko mugako eskualdearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea. Batez ere mugaz gaindiko jarduera ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak garatzen laguntzen du, lurralde garapen iraunkorraren aldeko estrategia bateratuen bitartez.