Dbus, Mugaz Gaindiko Lankidetzarako Jardunaldietan partaide
CAPBren mugaz gaindiko Lankidetza Estrategiaren lanketaren esparruan, pasa den ostiralean, irailak 20, Dbuseko zuzendariordeak, Javier Vallejok, “Lurralde Irisgarritasunak eta Mugikortasunak” izeneko jardunaldietan parte hartu zuen, Baionan, eta bertan E-MOBASK proiektu europarra aurkeztu zuen.
E-MOBASK proiektuak garraio publikoa hobetzea bilatzen du, mugaz gaindiko eremuan garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta bultzatzeko, garraioa errazagoa, erakargarriagoa eta iraunkorragoa izan dadin eta garraio publikoa erabiltzera bultzatzeko, ibilgailu pribatuaren aurretik.
Ticketing sistemen interoperabilitatea eta integrazioa da EMOBASK proiektuaren neurri izarra. Sistemak Gipuzkoako eta Baionako herritarrei aukera ematen die beren ohiko garraio txartela erabiliz bidaiatzeko eta Dbuseko autobusetan bidaia EMV kontakturik gabeko banku txartelarekin ordaintzeko. Hauek dira neurri hori babesten duten hainbat ekintza eta baliabide: GGLAren eta SMPBAren arteko azterlan bat eta akordio bat inteoperabilitatearen baldintzak bilduta (tarifak, baldintza teknologikoak, konfidentzialtasuna, etab.); ticketingaren interoperabilitateaz baliatzeko azalpen bideoak; eta banku txartelekin kontakturik gabeko ordaintzen uzten duten makinak.
E-MOBASKek, halaber, hiri garraioa kudeatzen duten mugaz gaindiko erakunde bien arteko lankidetza iraunkorra ezartzea ahalbidetzen du, beren ibilgailuen floten trantsizio energetikoari batera ekiteko eta mugaz gaindi beren inpaktua optimizatzeko. Proiektuaren funtsezko helburua lortzen laguntzen duen neurri garrantzitsua da.
E-MOBASKen funtsa den eta mugaz gaindi garraio publikoa erabiltzen laguntzen duen beste neurri bat da eremuko biztanleei eta bisitariei informazio eskuragarriagoa ematea tokiko eta mugaz gaindiko garraio publikoaren gainean. Hauek dira informazio sistema hobeak lortzeko planteatu diren ekintzetako batzuk: premien identifikazioa eta hobekuntza plana; mugaz gaindiko informazioaren proiektu pilotuak, bereziki turistentzat eta ekitaldi handietarako; geltokietako eta garraiobideen barruko informazio sistemen hobekuntza (ibilbideak, ordutegiak, gertakariak, ticketing, etab.) eta informazioa hiru hizkuntzatan ematea (gaztelania/euskara/frantsesa).
Dbusek, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) eta Syndicat des Mobilités Pays Basque-Adour erakundeak (SMPBA) eratutako partzuergoak bultzatzen du E-MOBASK proiektua. Proiektuaren jarduera guztietan beharrezkoak diren eskumen guztiak lurralde bietan edukitzeko diseinatu da partzuergoa. Hauek dira eskumen horiek: ticketinga, energi efizientzia eta bidaiarientzako informazioa.
Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (FEDER) finantzatu du E-MOBASK proiektuaren %65, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). Proiektuak 3 urteko iraupena dauka, 2018ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra arte eta ekintzak Donostia-Irun-Baiona korridorean egiten dira.