Berriak

Solaris High Energy+ bateriak dituen solaris etxearen autobus %100 elektrikoa probatuko du Dbusek

Hiru astean, Dbusek Solaris High Energy+ bateriak dituen Solaris etxearen lehen autobus %100 elektrikoa probatuko du Donostian. Solaris Urbino 12 electric modeloa da, 12 metrokoa eta igorpen kutsatzailerik eta igorpen akustikorik gabekoa. Modelo honen 1.000 unitate baino gehiago daude jada zirkulazioan, Europako 18 herrialdetako 75 hiri baino gehiagotan, eta 35 milioi km baino gehiago ibili dituzte, eta Dbusen probatuko den autobusa da bateria berri horiek dituen lehena.  

Proiektu pilotua 26-Amara-Martutene linean gauzatuko da, benetako zerbitzu batean eta bidaiariekin, izan ere, linea horretan hainbat teknologiatako autobusak ari dira funtzionamenduan eta horrek autobus horien funtzionamendua konparatzea ahalbidetuko du. Ibilgailua Solarisek utzitakoa izango da, eta 200 km baino gehiagoko autonomia dauka High Energy+ baterien teknologiari esker, eta soilik Kotxetegietan eta gauez kargatzen da. Donostian zerbitzuan ematen ari dela probatzeko, Dbusen autobus flotaren informazio sistemetara egokitu da. Konpainiaren autobusen beste ezaugarri batzuk ere baditu, hala nola zoru baxuko plataforma eta gurpildun aulkiak sartzeko arrapala. 

Gaur aurkeztu da proba pilotua, Donostiako Udaletxean, eta bertan hartu dute parte Mugikortasun eta Garraioko Zinegotzi Pilar Aranak; Dbuseko Zuzendari Gerente Igor Gonzalezek; Solariseko Estrategia eta Eraldaketa Zuzendari eta CAF Ibilgailuetako Eraldaketa Zuzendari  Javier Iriartek; eta Solaris Bus Ibericako Zuzendari Nagusi Kepa Mendikutek.

Dbusen eta CAF Taldearen arteko bigarren lankidetza proiektua da, jada 2018an autobus hibrido-elektriko bat probatu zuen-eta Donostian, eta SOLARIS Urbino Hybrid 12 modeloko 12 metroko 19 autobus hibrido ere badauzka. Ingurumena errespetatzen duen mugikortasunaren aldeko apustu honetan, Dbusek beste fabrikatzaile batzuen 19 autobus hibrido eta 3 autobus %100 elektriko ere badauzka, eta Euskadiko flotarik iraunkorrenetako bat da.

Proiektu pilotu honekin, CAF Taldeak eta Dbusek Donostian mugikortasun elektrikoa bultzatzen laguntzen dute, Donostiako autobus linea batzuen ezaugarrietara egokitzen den eta teknologikoki berritzailea den irtenbide bat egiaztatuz.