Berriak

Kudeaketa energetikoaren ISO 50001 AENOR ziurtagiria eskuratu du Dbus-ek

Energiaren Kudeaketarako Sistemaren UNE-EN ISO 50001 araua ezarri du Dbusek, baliabide energetikoak modu efizientean erabiltzen utziko dion tresna bat edukitzeko eta horren bidez Konpainiaren energiaren kontsumoa eta igorpen kutsatzaileak murrizteko. AENORek ziurtatu du arau berri horren ezarpena, eta Dbusen jarduera guztietan erabiltzen den energiaren iraunkortasunarekiko eta efizientziarekiko konpromiso etengabearen adierazgarria da.

Arau horren barruan sartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Jasangarritasun Energetikoaren Legeak ezartzen dituen helburuak. Legea 2019ko otsailean onartu zen, Eusko Legebiltzarrean, eta euskal administrazio publikoetako eta sektore pribatuko eraikinei, instalazioei eta ibilgailuei aplikatu beharrekoa da.

Ziurtagiri honen entrega ekitaldian parte hartu dute Donostiako Udaleko Mugikortasun eta Garraioko zinegotzi Pilar Aranak, Dbuseko zuzendari gerente Igor Gonzalezek eta Euskadiko AENOR zuzendari Luz Emparanzak.

Arauaren ezaugarriak

ISO 50001 araua nazioarteko araua da, energiaren kudeaketa sistemen gainekoa, eta erakundeen efizientzia energetikoa hobetzea du helburu. Konpainiak garatzen dituen jarduera, operazio edo zerbitzu guztiei aplikatzen zaie, baita Konpainiaren flotari ere, energia modu egokian kudeatzen dela bermatzeko.

Arauaren aplikazioak helburu eta onura hauek aurreikusten ditu:

–  Baliabideak modu efizienteagoan kontsumitzen laguntzen du, baliabideak etengabe monitorizatuz. Kontsumo efiziente horrek, aldi berean, kostuak murriztea dakar.

– Baliabide energetikoen kudeaketako gardentasuna errazten du.

– Energiaren efizientziarako teknologia berrien ezarpena ebaluatzen eta lehenesten laguntzen du.

– CO2 igorpenak eta beste igorpen kutsatzaile batzuk murriztea ahalbidetzen du.

– Energiaren kudeaketan egoki jardutea bultzatzen du.

– Hornidura kate osoan energiaren aldetik efiziente izateko esparrua eskaintzen du.  

– Konpainiak energiari buruzko lege betekizun guztiak betetzen dituela bermatzen du.

Dbus enpresa aitzindaria da kalitate irizpideak lehentasun gisa ezartzen. Euskal Herrian Bidaiaren Garraio Publikoari buruzko UNE-EN 13816 arauaren araberako AENOR ziurtagiria lortu duen lehen garraio enpresa da, eta arau berria ezarrita zerbitzuaren kalitatea ez ezik energiaren kudeaketa ere bermatzen du. Era berean, COVID-19ari aurre egiteko moduaren AENOR ziurtagiria dauka, eta ziurtagiri horrekin bermatzen da Konpainiak egoera berri honi aurre egiteko ezarri diren eta beharrezkoak diren protokoloak eta neurriak betetzen dituela.