Berriak

Dbus-ek 24 autobus %100 elektriko gehiago edukiko ditu Europako beste funts batzuen bitartez

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendarako Ministerioak (MITMA) behin-behinean onartu du Dbusi laguntzak ematea, Donostiako Udalaren bidez, Next Generation EU Europako funtsen bigarren deialdiaren barruan. Funts horiei esker, hiriko garraio publikoa elektrifikatzen eta digitalizatzen jarraitu ahal izango du. Zehazki, datozen urteetan autobus %100 elektriko gehiago  sartuko dira Dbusen zerbitzuan eta markesinak pixkanaka berritzen jarraituko da, Dbizi alokairuko bizikleta publikoaren sistema zabaltzeaz gain, emisio akustikoak eta kutsatzaileak murriztea eta airearen kalitatea hobetzea sustatuta.

Bigarren deialdira horri dagokionez, pasa den irailean Donostiako Udalak “Donostia Electric Zen” izeneko eskaera bidali zuen. Eskaera horretan bost proiektu sartzen ziren, eta haien aurrekontua 15.806.467,66€-koa zen. Aurrekontu horretatik, 7.158.767€ Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan Emisio Txikiko Eremuak Ezartzeko eta Hiri Garraioaren Eraldaketa Digitalerako eta Iraunkorrerako Udalerriei zuzendutako Laguntza Programaren bidez jasotako dirulaguntzaren bidez finantzatuko dira.

 

Autobus elektrikoak erostea

Datozen hilabeteetan, Dbusek 12 metroko beste 24 autobus %100 elektriko gehiago erosiko ditu, beraz, autobus horiek MITMAren lehen deialdiari esker flotan sartuko diren 12 metroko 14 autobus elektriko berriei eta Konpainiak lehendik dituen hiru autobusei gehitzen badizkiegu, 2025ean Dbusek 41 autobus %100 elektriko edukiko ditu ezaugarri horiekin. Hau da, 12 metroko flotaren %45 izango da %100 elektrikoa.

 Proiektu honi esker, halaber, flotaren eraldaketa ekologikoaren prozesua amaituko da, eta, 2025ean, flotaren %55 hibridoa izango da, hau da, 12 metroko flotaren %100ek teknologia errespetutsua eta iraunkorra izango du.

Autobus berri horiekin batera, horien kargagailuak erosiko dira, gauez autobusak kotxetegietan kargatzeko, eta plataforma adimendun bat ere edukiko da autobusen kargarako azpiegituraren funtzionamendua eta kudeaketa errazteko. Plataforma horrek ahalbidetuko du egiten diren kargekin autobusek esleituta dituzten zerbitzuak bete ahal izatea. Horrela, kontsumoa optimizatuko da.

 

 Dbusen markesina sare osoa berritzea

Proiektuarekin, halaber, 50 markesina berrituko dira, eta, beraz, 2025ean Dbusen zerbitzuko markesina sare osoa erabat eraberrituta egongo da, eta markesina guztiak irisgarriak, inklusiboak eta eraginkorrak izango dira. Gaur egun, MITMAren lehen deialdiari esker (136 markesina berritzeko erabiliko da) eta markesinen mantentze kontratuari esker (beste 110 markesina berritzeko erabiliko da), lehen unitateak eguneratzen ari dira dagoeneko.

Markesina berriek presentzia sentsoreak izango dituzte, zeintzuek geltokiko argiztapena aktibatuko duten, elektrizitate hargunea duten geltokien kasuan, eta ikusteko desgaitasuna duten pertsonentzako informazio sistema bat ere edukiko dute, zeinarekin informazioa eskuratzeko era, erabiltzailearen esperientzia eta garraio publikorako irisgarritasun unibertsala hobetuko diren.

 

 

Bizikleta elektriko berriak

Azkenik, onartutako proiektuak Dbizi sistema zabaltzea ere aurreikusten du. Zehazki, 132 bizikleta elektrikoren erosketa finantzatuko du, Donostiako alokairu bizikleta publikoaren zerbitzua hobetzeko eta zerbitzuaren eskari handiari erantzuteko aukera emanez.