Dbus-ek zerbitzua elektrifikatzeko obrak hasi ditu
EDS INGENIERÍA Y MONTAJES SAUk eta ALTUNA Y URIA SAk osatutako ABEEa arduratuko da Egiako banaketako transformazio azpiestaziotik Kotxetegien inguruetaraino linea elektriko baten trazadurari ekiteaz.
Gaur astehelena, urtarrilak 22, Kotxetegietako instalazioen azpiegitura elektrikoa eraldatu eta autobus %100 elektriko gehiago sartzen utziko duten obrak hasi dira.
Dbus eraldatu eta zero emisioko flota bihurtzeko, ezinbestekoa da instalazioetako azpiegitura elektrikoa eraldatzea. Gaur egun, flotako 4 autobus %100 elektrikoekin kotxetegietako hartune elektrikoak duen ahalmen guzti-guztia erabiltzen da. Horregatik, beharrezkoa da linea elektriko baten trazadurari ekitea Egiako banaketako transformazio azpiestaziotik Kotxetegien inguruetaraino, 1,5 kilometro inguruko distantzian, non sekzionamendu zentro bat egongo den. Sekzionamendu zentrotik zuzeneko hornidura elektrikoa banatzen hasiko da, transformazio zentroetatik igaroz.
Eraginak
Obrak 4 hilabete inguruko iraupena izango du, eta bizilagunei ahalik eta gutxien eragiteko, lanak egingo dituen enpresa esleipendunak, EDS INGENIERÍA Y MONTAJES SAUk eta ALTUNA Y URIA SAk osatutako ABEEak, obra zatika egitea proiektatu du, zati bakoitzaren iraupena gehienez 5 egunekoa izanik
Gune hauek eragingo ditu obrak: Alkolea pasabidea, Egia kalea, Aldapa kalea, Tolaregoia kalea, Gabriel Aresti pasealekua, Ametzagaña kalea, Polloe plaza, Sibilia kalea, eta Fernando Sasiain.
Obra gaur hasi da, Txurkoene kalean, 11 eta 19 zenbakien artean. Horretarako, obra zuzendaritzak jakinarazi du lanak egiten diren egunetan, gutxi gorabehera aparkaleku batzuetan eta alboko espaloian nabarituko dela lanen eragina. Galtzada eta etxebizitzetarako sarbidea, berriz, erabat libre geratuko dira.
Urtarrilaren 29ko astean, Txurkoene kaleko beste zatia egingo da, hau da, 1 eta 11 zenbakien arteko zatia. Lehen zatian bezala, obrek aparkalekuei eta alboko espaloiari eragingo diete. Galtzadari eta etxebizitzetarako sarbideari ez diete batere eragingo.
Obrek aurrera egin ahala, eta kaltetutako guneetara hurbildu ahala, gutun bat bidaliko zaie auzokoei, obren iraupena eta eraginak jakinarazteko, Txurkoene kaleko bizilagunekin egin den bezala. Gainera, auzokideren batek zalantzaren bat izanez gero edo informazio gehiago nahi izanez gero, enpresa eleipendunak harremanetarako telefono bat emango du jakinarazpen horretan.
Flotaren elektrifikazioa
Kotxetegiak elektrifikatzeko prozesuaren lehen fase honetan, kargatzeko hartune guztiak egingo dira, guztira dauden 119 aparkaleku plazetaraino. Horrez gain, kargatzeko 32 puntu, 60 pantografo alderantzikatu eta horiei dagokien euskarri egitura metalikoa gehituko dira. Instalazioak elektrifikatzeko lan horiei esker, beste autobus elektriko gehiago sartu ahal izango dira, eta, horrela, urte batzuen buruan, Dbusen azpiegitura elektriko berria erabat martxan dagoenean, Dbusek 8,5MW-ko karga ahalmena edukiko du, eta, beraz, Gipuzkoan potentzia gehien kontratatuta duen erakundeetako bat izango da. Aurten bertan hasiko da autobus %100 elektriko gehiago sartzen, instalazioen elektrifikazio lanak amaitu ondoren. Zehazki, 2024an 12 metroko 23 autobus %100 elektriko eta 18 metroko sei autobus elektriko (artikulatuak) jasotzea aurreikusten da.
Berrikuntza horri esker, kalkulatzen da urtean 960.000 litro gasolio gutxiago kontsumituko direla eta 2.600 tona CO2 gutxiago igorriko direla.
Next Generation funtsen finantzaketa
Obra hau eta lehen 30 autobusen erosketa Next Generation funtsek finantzatuta egingo dira. Autobus horietatik, 12 metroko autobus batek Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren Helmugetako Jasangarritasun Turistikoko planaren ezohiko deialdiaren bidez dirulaguntzak jaso ditu, eta gainerako ibilgailuak Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren (MITMA) dirulaguntzarekin erosiko dira. Lizitazio horien ondoriozko inbertsioa 23.456.613,82 €-koa da, eta Next Generation Europako funtsen bi deialdien dirulaguntza osoa 10.056.492 €-koa da.