Dbus-ek bei autobus linea berriaren aparkalekua elektrifikatzeko proiektua idazteko lana esleitu du
Kotxetegietako kanpoko aparkalekuaren Elektrifikazio Azpiegitura eraikitzeko proiektuaren idazketa lana esleitu du Dbusek. Obra horrek ahalbidetuko du etorkizuneko BEI (Bus Elektriko Adimenduna) linearen elektromugikortasun beharrak asetzea.
17 Gros-Amara-Ospitaleak linea zerbitzu %100 elektriko bihurtzeko, beharrezkoa da kotxetegietako aparkaleku berria, 2021ean inauguratua, beharrezko azpiegitura elektrikoz hornitzea, linearako aurreikusita dauden 9 ibilgailuak kargatzea ahalbidetuko duten karga estazioak izateko.
Horretarako, pasa den apirilean DTK-k Dbuseko kanpo aparkalekua elektrifikatzeko proiektuaren idazketa lanaren kontratazioaren lizitazioa kaleratu zuen, etorkizunean BEI lineari zerbitzua emateko. Enpresa esleipenduna IP21 Ingeniería de Proyectos SL izan da, eskaintza tekniko onena aurkeztu baitu. Esleipenaren prezioa 75.000 € + BEZa da, hau da, 24.000 € aurrezten da esleipenaren gehieneko prezioarekin alderatuta.
BEI sistema 17 linea osoan
Linea guztiak aztertu ondoren, 17-Gros-Amara-Miramon linea aukeratu zen BEI-Bus Elektriko Adimendunaren Sistema ezartzeko, linea estrategikoa baita; izan ere, Euskotrenen eta Dbusen arteko intermodalitatea ziurtatzea ahalbidetzen du, Topoa Anoetako geralekutik pasatzeari esker. Gainera, 15 km inguruko ibilbidearekin, linea horrek Gros, autobus eta Renfe geltokiak, Amara, Donostiako ospitale gunea eta Miramongo parke teknologikoa lotzen ditu.
BEI emisiorik gabeko garraiobide elektrikoa izango da, eta hiria jasangarriagoa, kerik gabekoa eta kutsadura maila baxukoa izaten lagunduko du. Gainera, oro har, hobekuntza ugari eskaintzen ditu, eta hobekuntza horiek lagunduko dute erabiltzaileak bidaia esperientzia oso ona izaten. Azpimarratzekoa da, adibidez, autobusera igotzeko eta bidaia egiteko denborak murriztuko direla, sartzeko ate gehiago gaituko direlako, ordaintzeko funtzionalitate batzuk autobusean sartu gabe egin ahal izango direlako, semaforoetan lehentasuna izateko sistemak egongo direlako, etab.
Autobusen barrualdea ere gidariengan zein erabiltzaileengan pentsatuta diseinatuko da, diseinu abangoardista eta erosoagoa izango dute-eta. Nabarmenduko dira zoruak, zura itxura izango dutenak, eta argiztapen puntu berriak, esaterako.
Aurreikusita dago, halaber, BEI autobusen markesinek diseinu berritzailea izatea eta funtzionalitate berriak eskaintzea, hala nola informazioa alde bietatik ematen duen pantaila digitala eta 17 linea identifikatzeko totema, LED argiekin eta minutuak adierazita. Zutoinak diren geltokiek ere totema izango dute, baita pantaila digitala ere.
Linearen elektrifikazioarekin, egungo diesel autobusen ordez 18 metroko bederatzi autobus elektriko artikulatu jarriko dira, eta autobus berri horiekin edukiera hobetuko da eta erabiltzaileak erosoago joango dira.
Era berean, BEI linea berria abian jarrita, aurreikusten da urtean 239.528 litro gasolio gutxiago kontsumitu eta 645 Tn CO2 gutxiago isuriko direla.
Erakundeen arteko hitzarmena
2022ko otsailean Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak hitzarmen bat sinatu zuten hirian autobus elektriko adimendunaren sistema ezartzeko, 25,7 milioi euroko aurrekontuarekin. Eusko Jaurlaritzak, EAEko 2021-2027 EGEF Programaren bidez, proiektuaren kostuaren %65 kofinantzatuko du, eta Donostiako Udalak, berriz, gainerako %35a, hau da, 9 milioi euro.