Berriak

Dbus-ek informazio kanpaina bat egingo du, autobusetako segurtasuna hobetzeko

Gaur, Dbusek “14 Tip zure bidaia Top izan dadin” izeneko kanpaina aurkeztu du. Dbuseko bidaiariek bidaietan segurtasun eta erosotasun handiagoa izatea da kanpainaren helburua.

Willis Towers Watson aseguru artekaritzarekin lankidetzan garatu da kanpaina, eta erabiltzaile guztiei zuzenduta dago; bereziki adinekoen kolektiboarentzat, horiek dira-eta istripu posibleen arrisku handiena dutenak. Ricardo Sanz Espainiako WTWko zuzendari nagusiak adierazi duenez, “estatistikoki egiaztatuta dago kanpaina horiek %25 eta %50 artean murrizten dituztela gorabeherak”.

Horregatik, gaur hasi eta urtarrilaren 31ra arte, jarduera horretarako esklusiboki prestatutako bi pertsonak Dbuseko hainbat autobus eta lineatan bidaiatuko dute, erabiltzaileei bidaia seguru baterako jarraibideak eta gomendioak eskaintzeko. Era berean, autobusean seguru eta eroso bidaiatzeko moduari buruzko informazio liburuxkak banatuko dira.

Kanpainan laguntzen arituko diren bi pertsonek laguntza eta babesa emango diete bidaiariei eta, bereziki, adineko pertsonei, segurtasunari buruzko gai hauetan zentratuta:

  1. Herritarren heziketa, adineko pertsonentzat eta haurdun daudenentzat erreserbatutako eserlekuak pertsona horiei uzteak duen garrantziaz.
  2. Desgaitasuna dutenei aulki gurpildunak jartzeko moduari buruzko aholkuak ematea.
  3. Heldulekuak erabiltzeak daukan garrantzia gogoraraztea, bidaian hobeto helduta eta seguruago joateko dira eta.
  4. Bizkar zorroak eta fardel objektuak nola jarri behar diren erakustea, autobus barruko pasabidea ez oztopatzeko.
  5. Zutik bidaiatzen duten pertsonak ibilgailuaren atzealdera mugitzearen garrantzia, bidaiariei aurreko atetik autobusera sartzen uzteko.

Horrez gain, otsailaren 1etik 10era bitartean, 2 prestatzaile erretiratuen zentro batzuetara joango dira eta autobusean seguru bidaiatzeko moduari buruzko hitzaldi informatiboak emango dituzte.

Olatz Yarza Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak azpimarratu duenez, “Udal Gobernu honen helburu nagusietako bat mugikortasun jasangarria bultzatzea da. Mugikortasun garbi, osasungarri eta seguruaz ari gara, eta hiru ardatz horiek dira gure eguneroko lanaren oinarria. Gaur aurkezten dugun ekimena ardatz horietako bat indartzera dator, segurtasunarena, garraio publikoko zerbitzuaren parterik garrantzitsuenari, erabiltzaileei, zuzenean zuzendutako kanpaina batekin”.

Dbuseko zuzendari kudeatzaile Igor Gonzalezek nabarmendu duenez, “Dbus oso sentsibilizatuta dago segurtasun arloarekin, eta, horregatik, gidatze segurua eta eraginkorra bezalako alderdiak lantzen dira bai hasierako prestakuntzan bai gidariei ematen zaien etengabeko prestakuntzan”. Era berean, nabarmendu duenez: “Guretzat oso garrantzitsua da erabiltzaileekin harreman hurbila izatea, eta bidaiariekin harremanetan jartzeko ekimen honek bidaia errazteko eta erosoagoa eta seguruagoa izateko hainbat gomendio eskaini nahi ditu”.

Era berean, ekintza horren bidez gorabeheren prebentziorako hartu daitezkeen segurtasun neurriak aztertu eta ebaluatzea bilatzen da. Horregatik, erabiltzaileei laguntzen egongo diren aholkulariek geltokian bertan zein autobusera igotzean eta ibilgailutik irtetean pertsona horiek izaten dituzten premia eta mugak ikusiko dituzte, eta, gero, lanaldiaren amaieran, “datuak jasotzeko orri” batean idatziko dituzte. Orri horretan gertatzen diren gorabehera eta dauden arrisku garrantzitsuenak jasoko dira. Era berean, ibilbidean zehar gertatzen diren egoerei buruz bidaiariek dituzten iruzkinak jasoko dituzte, segurtasunaren hobekuntzarako lagungarri izango direlakoan.

Kanpaina honetako mezuak indartzeko, liburuxka bat argitaratu da, seguru eta eroso bidaiatzeko 14 aholku eta gomendiorekin. Gomendio horiek autobusean bidaiatzen denean egiten diren 4 ekintza hauetarako dira:

  • Geltokian itxarotea
  • Autobusera igotzea
  • Bidaian zehar
  • Autobusetik jaistea

Mezu horiek guztiak markesinetan, autobusetako pantailetan, Dbusen webgunean eta bere sare sozialetan ere egongo dira gaurtik otsailaren 10era arte, egun horretan amaituko baita kanpaina.

 

Willis Tower Watson

 WTW 140 herrialdetan presentzia duen Aseguru Artekaritza multinazionala da. Konpainiak Artekari + Aseguratzaileen 7 lehiaketatan parte hartu eta zazpiak irabazi ditu. Horregatik daramate Dbusek eta WTWk 25 urte baino gehiago elkarrekin lanean.

WTWren helburu nagusia ezbehar kopurua kontrolatu eta murriztea da. Horretarako, aldian behin helburu hori lortzeko ekimenak egiten dira; tartean, herritarrei zuzendutako kanpainak, hala nola gaur goizean aurkeztutakoa edo gidariei zuzendutako prestakuntza kanpainak, besteak beste.

Ricardo Sanzek nabarmendu duenez, “Dbuseko langile guztien inplikazioari esker, bidaiari kopurua edo hiriko obrak bezalako faktoreek ez eragitea ezbehar kopurua handitzea”. Era berean, nabarmendu nahi izan du: “8.000 hiri autobus baino gehiago kontrolatzen ditugu, eta esan dezakegu ezbeharren kopuru eta zenbatekoari begiratuta zenbakirik onenak dituztenen artean dagoela Donostia, beste hiri batzuekin alderatuta”.