Amaitu dira Dbuseko Kotxetegiak elektrifikatzeko lanak
Gaur amaitu dira ofizialki Dbuseko flotako autobusak %100 elektriko bihurtzeko lanak, obra amaierako akta sinatuta. Ekitaldian, Dbuseko eta Donostiako Udaleko ordezkariek parte hartu dute, eta proiektuan inplikatutako enpresek ere: Krean S.Coop., obren zuzendaritza fakultatiboaren arduraduna; EDS Ingenieria y Montajes SAU eta Altuna y Uria SA enpresek osatutako ABEEA, gauzatze lanen arduraduna; eta Jema Energy SA, baterien kargarako sistema hornitzeko eta instalatzeko lanen esleipenduna.
Proiektuaren xehetasunak
Proiektua 11 hilabetean garatu da, eta hainbat fase izan ditu:
- Azpiegitura elektrikoa berritzea: Kotxetegietako aparkalekuan, barrualdean zein eraikinaren teilatuan, zegoen azpiegitura elektrikoa modernizatu da.
Horretarako, 1,5 kilometroko linea elektriko bat trazatu da Egiako banaketako transformazio azpiestaziotik Kotxetegien inguruetaraino, non sekzionamendu zentro bat kokatu den. Puntu horretatik, hornidura elektrikoa zuzenean banatzen da transformazio zentroen bidez.
- Karga puntuen instalazioa: eraikineko 119 aparkalekuak (barrukoak eta kanpokoak) karga azpiegiturarekin hornitu dira. Era berean, 22 karga puntu instalatu dira, eta 60 pantografo alderantzikaturi eusteko egitura metaliko bat ere bai.
Proiektuan 5.504.913 euro inbertitu dira guztira, eta diru kopuru horretatik 3.038.800 euro Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez finantzatu dira, Europar Batasunak NextGenerationEU planaren babespean.
Etorkizun %100 jasangarriago baterantz
Obra horiek Bideberdea: etorkizun %100 elektriko eta jasangarri baterantz izeneko proiektu estrategikoaren parte dira, zeinarekin 2030aren amaieran flota osoa erabat elektrikoa izatea bilatzen baita. Lehen urrats gisa, Dbus ZEROko lehen autobusak sartu dira, eta 2025eko lehen seihilekorako 12 metroko autobus guztiak (elektrikoak edo hibridoak) jasangarriak izatea espero da. Gainera, 2025erako ere, aurreikusita dago 18 metroko 6 Dbus ZERO artikulatu berri sartzea.
Guztira, datozen hilabeteetan 43 ibilgailu elektriko berri sartuko dira zerbitzuan, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioaren (MITMA) deialdiei esker. Proiektu horiek, Zentro Zero eta Electrizen izenekoak, NextGenerationEU Europako funtsekin finantzatu dira.
Ekintza horiekin, Dbusek mugikortasun jasangarriarekin eta trantsizio energetikoarekin duen konpromisoa indartzen du, hiri garraio garbiago eta eraginkorrago baterako bidea gidatuz.