Dbusek 17 linearen eraldaketa aurkeztu du Garraio Publikoaren Nazioarteko Batasuneko adituen aurrean
Dbusek 17-Gros-Amara-Miramon linea eraldatu eta zirkulazio azkarreko zerbitzu elektriko eta adimendun bihurtzeko proiektua (BEI proiektua) aurkeztu du UITPk (Garraio Publikoaren Nazioarteko Batasuna) Coimbran (Portugal) antolatu duen Batzordean, non gaitasun handiko sistema mota horiek garatzen ari diren munduko hainbat lekutako hiriak bildu diren.
Dbusek BRT sistema du 5-Benta Berri eta 28-Amara-Ospitaleak lineetan eta une honetan 17-Gros-Amara-Miramon linean ezarriko den BEI (Bus Elektriko Adimenduna) etorkizuneko linean inplementatzea garatzen ari da. Sistemak hiru funtzio osagarri izango ditu: autobus artikulatu %100 elektrikoak erabiliko ditu, geralekuetako irisgarritasuna hobetuko da, eta autobusera ate batetik baino gehiagotik sartzeko aukera emango du.
Lan batzorde horretan, Javier Vallejok, Dbuseko zuzendari ondokoak, eta Eduardo Gonzalezek, Dbuseko zuzendari teknikoak, kalitate handiko autobus sistema honen (BRT) ezaugarriak aztertu dituzte garraio adituen aurrean, izan ere, autobus hauen funtsa da azkar eta eroso zirkulatzea, zirkulatzean lehentasuna ematen dioten errei berezien bidez, eta erabiltzaileei zerbitzu bikaina ematea. Sistemak ahalbidetzen du abiadura komertzial handia (16,60km/h) izatea eta Donostiako herritarren erabilera maila handia izatea. 2024an Dbusek bere historiako daturik onenak erregistratu ditu, zerbitzuetan 32.026.966 bidaia egin baititu, eta aurten seguruenik zifra horiek gaindituko dira, erabiltzaileen kopuruak berriro gora eginda.
Eduardo Gonzalezek batzordean azaldu duen bezala, geralekuetako irisgarritasuna hobetzeak espaloiaren eta autobusaren arteko distantzia murriztea ekarriko du, autobusera igotzea eta autobusetik jaistea erraztuta, eta arrapalen funtzionamenduko gorabeherak ere murriztuko ditu. Era berean, autobuseko ate batetik baino gehiagotik sartzeak eta irteteak autobusera sartzeko denborak hobetzea ahalbidetuko du, bidaia denbora murriztuta eta abiadura komertzial ona bermatuta. Javier Vallejok, berriz, autobusetan doazen bidaiarien kopurua eta baliozkotu diren bidaia txartelak kontrolatzeko ezarriko diren berrikuntza teknologikoak ere aurkeztu ditu.
Dbusen oso garrantzitsutzat jotzen dugu hiriko garraioaren hobekuntzan lanean ari diren enpresa eta erakundeekin harremanetan egotea, bere testuinguru partikularreko premietan zentratuta baina ikuspegi globalarekin, izan ere, kanpoko esperientzietatik ikasteko aukera ematen du, bai eta etorkizuneko ikuspegi berri bat lortzea ere, lankidetza berriak eta baterako proiektuak sortzeko aukerak irekitzeaz aparte.
