Aldaketak Dbus-eko 24-26-27-43 lineetan azaroaren 2tik aurrera
Aurreikusita dago azaroaren 2an Dbusek zerbitzuetan hainbat aldaketa martxan jartzea, lineen funtzionamendua hobetzeko eta ibilbideak eta ordutegiak egungo beharretara egokitzeko, eskuragarri dauden baliabideetatik abiatuta.
Azken urteetan erabiltzaile kopuruak gora egin du apurka-apurka eta horrek ekarri du geralekuetan egiten den denbora gero eta gehiago izatea, eta, ondorioz, ezarritako orduak bete ezin izatea.
- 24-ALTZA-GROS-ANTIGUO-INTXAURRONDO:
24-Altza-Gros-Antiguo-Intxaurrondo linea, hiria zeharkatzen duena, bere ibilbidean geraleku gehien Dbus sareko lineetako bat da, eta zailtasunak ditu ibilbide osoa planifikatutako ordutegietan egiteko. Ordutegiak hobeto betetzeko, geraleku batzuk berrantolatuko dira, puntualtasuna, abiadura komertziala eta zerbitzuaren erregulartasuna hobetzeko.
Antiguo alderantz:
- Arriberri: Arria Parkera lekualdatuko da. Arriberritik 170 metro ingurura dagoen geralekua da, markesina du, eta aurreikusita dago bertan panel elektroniko bat jartzea.
- Irakasle Eskola: leku horretatik 100 metro ingurura dagoen Tolosa 13 izeneko hiriarteko autobusen geralekura lekualdatuko da.
- Zumalakarregi 21: linea honetan geraleku hori kendu egingo da, eta, beraz, erabiltzaileek Tolosa 13ko geralekua (200 metrora) edo Zumalakarregi 9koa (250 metrora) erabili ahal izango dute.
Altza alderantz:
- Madril 28 eta Madril 10: bi geraleku horiek bateratu, eta beste geraleku batera lekualdatuko dira, Madril 20 izeneko tarteko puntu batean (100 metrora), inguru horretan arinago zirkulatu ahal izateko. Beste linea batzuetako (17, 28, 31, 37) geldialdiekin bat egitean, une jakin batzuetan autobusak elkartu egiten direnez, geraleku berri horrek lineari arintasuna ematea eta puntualtasuna hobetzea du helburu.
- 27-ALTZA-INTXAURRONDO-ANTIGUO-GROS:
24 linean gertatzen den bezala, 27- Altza-Intxaurrondo-Antiguo-Gros lineak ere zailtasunak ditu ordutegiak betetzeko, egiten duen ibilbidea eta geraleku asko dituela kontuan hartuta. Antiguo auzoan, Antiguoko Anbulatorioko geralekua kenduko da, eta erabiltzaileek Zumalakarregi 8ko edo Irakasle Eskola-Tolosa 14 geralekuak erabili ahal izango dituzte.
Horrela, 24 eta 27 lineek, Satrustegitik Europa Plazara artean ibilbide bera egiten dutenez, bina geraleku izango dituzte noranzko bakoitzean, batzuk besteen aurrean:
- 24 linea (Erdialderantz): Tolosa 13 eta Zumalakarregi 9.
- 27 linea (Antiguo-Errotaburu alderantz): Zumalakarregi 8 eta Irakasle Eskola-Tolosa 14.
- 26-AMARA-MARTUTENE:
Geralekua Madril 28tik Madril 20ra lekualdatuko da, eta, hala, 24 eta 43 lineekin gertatzen den bezalaxe, inguru horretan arinago zirkulatu ahal izango da, eta puntualtasuna hobetuko da.
- 43-ANOETA-IGARA:
Geralekua Madril 10etik Madril 20ra lekualdatuko da, lineari arintasuna emateko eta puntualtasuna hobetzeko, 24 eta 26 lineen kasuan bezala.
