Aste Nagusian DBUS autobusen erabilera ugaria
2009ko Aste Nagusian, hiribusen erabilera ugaria izan da eta errekor berria lortu da. Aste Nagusian, 801.237 bidaiarik erabili dituzte DBUS autobusak; hau da, joan den urteko aldi berberari erreparatzen badiogu, 28.785 bidaiaritan igo da kopurua.
DBUS autobusak Donostiako jaietako garraiobide erabilienen artean finkatu dira. Erabilera azken urteetan hazi egin da, zehazki, azken 4 urteotan 100.000 erabiltzaile gehiago erregistratu dira, hau da, % 15 gehiago.
Nabarmendu beharrekoa da joan den urteko kopurua zela ordura arte Donostiako autobusen erabilerari zegokion kopururik altuena.
Erabiltzaile gehieneko egunak abuztuaren 14a, ostirala, eta abuztuaren 12a, asteazkena, izan ziren, 110.169 eta 107.520 bidaiarirekin, hurrenez hurren.
Gaueko zerbitzuetan erabilera oso garrantzitsua izan da; izan ere, 110.000 bidaiari baino gehiago erregistratu dira su artifizialen ondoren egunero jarritako zerbitzu berezietan.
Hauek izan dira Aste Nagusian gehien erabili diren lineak: Amarakoa (21 eta 28 lineak) 143.304 bidaiarirekin, Benta Berri eta Añorgakoa (5 eta 25 lineak) 113.910 bidaiarirekin, Altzakoa (13 linea) 101.480 bidaiarirekin, Egia-Intxaurrondokoa (8, 9 eta 29 lineak) 94.218 bidaiarirekin, Martutenekoa (26 linea) 45.079 bidaiarirekin, Aietekoa (19, 23, 31 eta 32 lineak) 39.104 bidaiarirekin, eta Bidebietakoa (14 linea) 38.940 bidaiarirekin. Gainera, mikrobusen lineek 21.740 bidaiari garraiatu dituzte.
Hain bidaiari kopuru handiak lortzeko, DBUSek 25.000 zerbitzu baino gehiagoko hedapen zabala egin du egunotan; horretarako, 260 gidari eta aparteko 40 pertsona behar izan dira, batez ere ikuskatzaileak eta tailerreko langileak, autobusen flota guztiak funtzionatzeko eta koordinatzeko beharrezkoak.