Berriak

Donostia, mugikortasun iraunkorrago baten alde dauden hirien bilerarako tokia

CIV_map_archimedes_rgb_vectorUrriaren 25, 26, 27 eta 28an Donostiako hiriarekin batera CIVITAS-ARCHIMEDES proiektuan ari diren Aalborg (Danimarka), Brighton (Erresuma Batua), Iasi (Errumania), Monza (Italia), Ústí nad Labem (Txekiar Errepublika) hirietako ordezkari politiko eta teknikoek proiektu europarraren urteko bilera egingo dute Donostian. Bileran Europako Batzordeko ordezkariak ere egongo dira.

Donostiak proiektuan dituen tokiko lankideak dira UPV-EHU Euskal Herriko Unibertsitatea, Logistikako Euskal Erakundea, GA21, Donostiabus eta Donostiako udala bera, Mugikortasun sekzioaren eta Sustapen sozietatearen bitartez.

Proiektuak, hirien partzuergoa bi urte baino gehiagotan lantzen ari denak, ARCHIMEDES izena dauka eta 2010ra arte luzatuko da. Bere aurrekontua 26 milioi euro baino gehiagokoa da guztira, eta Donostiak duena, berriz, 6 milioi eurokoa.

ARCHIMEDES proiektuaren helburu nagusia da mugikortasun programak garatzea, programa iraunkorrak, berritzaileak eta energetikoki efizienteak hain zuzen ere.

Guztira 44 neurri jartzen ari dira abian Donostian ARCHIMEDES programaren baitan, mugikortasun iraunkorrarekin eta garraio publikoarekin lotuta. Honakoak ditugu, besteak beste, neurri horien artean: bus bideen hobekuntzak, autobus garraio publikorako igarobideak, ibilgailu pribatuaren ordezko garraiobideen sustapena, autobus ekologikoak, kalitate sistema garraio publikoan, mugikortasun plan pertsonalizatuak, bide segurtasunaren hobekuntza, bidegorrien sarea handitzea, unibertsitateko campuseko mugikortasuna hobetzea, merkantzien banaketa hobetzea, etab.

Urriaren 27a, hirira irekitako topaketa

Urriaren 27koa da hitzordurik garrantzitsuenetako bat. Goizeko 11:00etatik 13:30era bitartean Udaletxeko Osoko Bilkuren aretoan topaketa irekia egingo da tokiko eragile sozial batzuekin hiriko mugikortasunari buruz hitz egiteko eta jendeari erakusteko nola garatzen ari diren beraien mugikortasun proiektuak beste hiri batzuk. Topaketa horretarako gonbidatuta daude gure hiriko mugikortasunaz, irisgarritasunaz eta bizitasunaz interesa izan eta Donostiari mugikortasun iraunkorrerako bidean eta espazio publikoaren bizitasunaren eta kalitatearen etengabeko hobekuntzan egin duenagatik erreferente izaten lagundu dioten pertsonak.

Mugikortasun iraunkorrean aditu diren 50 laguneko talde zabal batek hirian azken urteetan CIVITAS programa europarraren baitan ezartzen ari diren neurriak bisitatuko ditu.

Topaketan zehar hainbat tailer eta lan bilera egingo dira datozen bi urtetan proiektua osatzeko abian jarriko diren neurriak lantzeko eta mugikortasun iraunkorrerako hurrengo politika komunitarioei egingo zaien ekarpen gisa Europako Batzordeari helaraziko zaizkion emaitzak ebaluatzeko.

Gainontzeko bilerak DBuseko egoitzetan eta UPV-EHU Euskal Herriko Unibertsitateak Ibaetan duen egoitzan egingo dira.