Urriaren 25etik 29ra bitartean Donostian Mugikortasun Iraunkorrari buruzko jardunaldi europarrak egin dira CIVITAS Archimedes proiektuaren baitan, eta jardunaldi horietan Europako hainbat herrialdetatik, Italia, Holanda, Frantzia, Ingalaterra, Alemania, Belgika, Errumania, Txekia eta Danimarkatik esaterako, etorritako ordezkari eta politikariek hartu dute parte.
Jardunaldi horietan hiri guztiek mugikortasunaren alorrean dituzten antzeko arazoak aztertu dira Hirietako espazio urria, desplazamenduetan automobilaren erabilera handia, hirietako erdiguneetara sartzeko zailtasunak eta aparkalekuaren arazoa, hiriguneetara autoetan sartzea murrizteko politikak, garraio publikoa hobetzeko egin beharreko ahaleginak, industria guneetara autoetan sartzeak dakartzan auto ilarak, salgaiak banatzeak dakartzan arazoak edo oinezkoen, txirrindularien eta autoen arteko bizikidetza zaila, horiek denak izan dira, besteak beste, jardunaldietan eztabaidatu diren gaietako batzuk.
Egun horietan zehar, bisitariek Donostiako hirian dauden mugikortasun politikak eta mugikortasun moduak zehatz-mehatz ezagutzeko aukera izan dute, oinezkoentzako ibilbideak eginaz, bizikletetan leku batetik bestera ibilita, eta hirian zehar autobus ibilbideak eginaz. Hitz batean, hirietako hainbat tokitara heltzeko, esaterako Ospitaleetara, Unibertsitatera edo Industrialdeetara heltzeko dauden arazoak ezagutu ahal izan dituzte. Garraio Publikoak ekitaldi jendetsuetara, Errealaren futbol partida batera esaterako, joateko ematen dituen aukerak ere aztertu ahal izan ziren.
Parte hartzaileek aho batez onartu dute Donostiak mugikortasunaren alorrean izan dituen lorpenak, eta Donostiabusen garraio publikoaren sarea eta gestioa goraipatu dute, bizikletaren erabilera eta hiriko auzoetan garatu den garraio sare bertikala bultzatzeko egiten ari diren ahaleginak azpimarratuta.
Lan saioak hiriko hainbat tokitan egin ziren, besteak beste Euskal Herriko Unibertsitatean edo Donostiabusen instalazioetan bertan. Horretaz aparte hirian egindako hainbat jarduketa bisitatu ahal izan ziren, besteak beste Eskola Bidea edo salgaiak bizikletaz banatzeko sistema.
Jardunaldien baitan, jardunaldi ireki bat egin zen Donostiako ordezkari lokalentzat. Jardunaldi horretan Europako hainbat hirik hartu zuten parte, eta bertan arlo hauetan garatzen ari diren politikak eta ekintzak azaldu ziren. Jardunaldian hirurogei lagun baino gehiago egon ziren eta Udaleko Osoko Bilkuren Aretoan egin zen. Partaidetzari dagokionez, jende askok hartu zuen parte.
Oro har, Europarraren lantalde ebaluatzaileak ikusi zuen Donostia Europan dagoen hiririk aurreratuenetako bat dela mugikortasun iraunkorrago baten alde dauden CIVITAS hiriei ezarritako helburu betetzeari dagokionez. Horrela azpimarratu zuen, gainera, bere ondorioetan, Donostia Europako beste hiri batzuek jarraitu beharreko eredua zela onartu zuenean.
CIVITAS-ARCHIMEDES proiektua, zeinetan Donostia bi urte luze lanean ari baita, 2012ra arte luzatuko da. Proiektuaren aurrekontu osoa 26 milioi euro baino gehiagokoa da, eta hortik Donostiari 6 milioi euro dagozkio. Proiektuaren helburua, berriz, mugikortasun iraunkorreko programa garatzea da, programa berritzaileak eta energikoki efizienteak direnak alegia.
Donostiarekin batera, ondoko hiriak ere badira CIVITAS-ARCHIMEDES proiektuko kideak: Aalborg (Danimarka), Brighton (Erresuma Batua), Iasi (Errumania), Monza (Italia), Ústí nad Labem (Txekiar Errepublika) Donostian egin diren jardunaldietan zehar erabaki denez, proiektuaren hurrengo bilera Italian egingo da, Monzan hain zuzen ere.
Documento adjunto: 69.jpg (219,154 KB)