Mikrobusak “bost” milioi erabiltzaileko kopurura iritsi zirenez otsailean, Dbusek mikrobusetako “bost” erabiltzaile saritu ditu.
2005eko apirilaren 4an Donostian mikrobusen lehen zerbitzua martxan jarri zuten eta, aurtengo otsailean, zerbitzu hori “bost” milioi bidaiariko kopurura iritsi da mikrobusen linea ugarietan.
Mikrobusetan 5 milioi bidaiariko kopurua iritsi izanaren arrakasta ospatzeko asmoz, DBUSek otsailean mikrobus horietakoren bat erabili zuten 5 erabiltzaile saritu ditu; hau da, lortutako milioi bat bidaiari bakoitzeko, sari bat.
Bost saridunak otsailean garraio txartelarekin mikrobusak erabili zituzten pertsona guztien artean egindako zozketa bidez aukeratu dira. Zehazki, Dbusen mikrobusetako 3 linea horietako bat erabili eta bidaia Kutxako, Euskadiko Kutxako edo Lurraldebuseko txartelekin ordaindu zuen bidaiari kopurua 63.931koa izan zen.
Gaur, asteazkena, apirilak 18, Askatasunaren hiribideko 36. linearen mikrobusen geltokian egindako ekitaldian, 5 saridunek DBUSeko autobusetan hiru hilabetez bidaiak egiteko erabilera mugagabeko txartela eta Dbusen 125. urteurrena omentzeko liburua jaso dute.
Sariak, Gerardo Lertxundik, Dbuseko zuzendari gerenteak, eta, Miren Nekane Burutaranek, Donostiako Udaleko Giza Baliabideetako eta Herri Babeseko zinegotzi ordezkariak, banatu dituzte.
Hauek izan dira bost saridunak:
– Alazne Holgado Oyarzabal, Mendigaineko bizilaguna.
– Pedro Seco Acosta, Altza auzoko bizilaguna.
– Miren Imaz Ispizua, Alde Zaharreko bizilaguna.
– Olatz Elortza Aranoa, Egia auzoko bizilaguna.
– M. Mercedes Aguirrezabal Jubera, Egia-Aldakonea auzoko bizilaguna.
Mikrobusen arrakasta
Martxan jarritako lehen zerbitzua 36. linea-SAN ROKE-ALDAKONEA izan zen, hain zuzen ere, ordura arte zerbitzua taxibusen bitartez zuten zaonaldeetan. Haren ondoren, 37. linea-RODIL-ZORROAGA gehitu zuten eta ordura arte taxibusen zerbitzuak zituzten zonaldeak lotu zituen hark ere.
Zerbitzu haien arrakasta berehalakoa izan zen; izan ere, lehen urtean, taxibusen zerbitzuek hilean 500 bidaiari baino gutxiago izatetik, hilean 24.000 bidaiari izatera pasatu zen 36. lineako mikrobusen zerbitzua.
Zerbitzu berrien ezaugarrietako bat hiritik bereizita dauden bi zonaldeak lotzen dituen zerbitzu horrek hirigunea zeharkatzea izan da. Horri esker, zerbitzu bakarrarekin, hainbat zonalde lotu dute.
Une horretara arte, Dbusek ez zuen mikrobusik izan. Gaur egun, aldiz, Mercedes Benz etxeko 8 mikrobus ditu eta guztiak dira plataforma baxu integralekoak.
Mikrobusen lineek hobekuntza nabarmena ekarri dute zerbitzua eskaintzen duten zonaldeetako irisgarritasunean. Izan ere, sarbide zaila duten tokietan ematen dute zerbitzua (gehienetan, hiriko goiko eremuak dira eta oso kale estuak dituzte). Mikrobusak martxan jarri zituztenetik garraio publikoa eskuragarri duten zonalde berrien artean, hauek aipa ditzakegu: San Roke, Aldakonea, Zorroaga, Rodil, Berra edo Trintxerpeko Azkuene kalea.
Horrekin guztiarekin lotuta, nabarmendu beharrekoa da mikrobusen lineak, batik bat, pertsona helduek erabiltzen dituztela; izan ere, erabiltzaileen % 25 baino gehiago da kolektibo horretakoa.
Mikrobusen arrakasta handitu egin da denborarekin eta 2011. urteko datuek ere hori erakusten dute; izan ere, hauxe izan zen 2011n garraiatutako bidaiari kopurua:
36-SAN ROKE-ALDAKONEA: 465.325 bidaiari
37-RODIL-ZORROAGA: 322.543 bidaiari
38-TRINTXERPE-ALTZA-MOLINAO: 98.733 bidaiari