Arrakasta handia izan du Dbus-ek antolatutako Carlos F. Daganzo irakaslearen hitzaldiak
Ehun lagun inguru hurbildu ziren pasa den urriaren 9an, asteazkena, Dbusek antolatuta Carlos F. Daganzo irakasleak, Berkeleyko (Kalifornia) Unibertsitateko Garraioaren Zientzietako Katedradunak, Donostiako Udaleko Bilkura Aretoan eman zuen hitzaldira.
Mugikortasun, ingurumen eta ingeniaritzaren alorretako profesionalek, eta Donostiako zein Donostia inguruko herritar ugarik ere, Bartzelona eta Yokohama hiriek, esaterako, konfigurazio eraginkorragoa eta iraunkorragoa izatea ahalbidetu duten azken berrikuntza teknologikoak zuzenean ezagutzeko aukera izan zuten.
Carlos F. Daganzo, jendeak dioenez mugikortasun iraunkorraren alorrean munduan dagoen ikertzailerik hoberena baita, hiriak modu razionalean konfiguratzeko premia transmititu zuen, hiri erdialdeetako trafiko fluxua optimizatzeko dauden azken aurrerapen teknologikoez baliatuta eta garraio kolektiboaren erabilera nabarmenduta XXI. mendeko hirietarako garraio modurik eraginkorren gisa.
Era berean, Daganzo irakasleak Dbuseko autobusetan berriki jarri duten Anti-Buching sistemaren gakoak azpimarratu zituen, Dbusekin eta Kaliforniako Berkeleyko Unibertsitatean sortutako Via Analytics enpresarekin batera aritu baita horretan. Sistemaren helburua da linea bereko autobusen artean zaindu beharreko distantziari eustea, ezarritako ordutegiak ahalik eta gehien errespetatzeko. Sistemak hobeto gidatzeko gida bisualak eskaintzen ditu, gidariaren postuaren ondoan jarritako Tablet baten bidez, eta jada 5, 25 eta 28 lineetako autobusetan eta hiriko hainbat lineatan dabilen autobus hibridoan instalatuta dago.