Berriak

Dbus-ek autobusen eta markesinen kanpoko publizitatearen ustiapena lehiaketara atera du

Donostiako Tranbia Konpainiak, Dbusek, lehiaketara atera du bere autobus flotaren kanpoaldean eta Donostian instalatutako garraio publikoaren markesinetan jarriko duen publizitatearen ustiapena.

Lizitazioa bakoitza bere aldetik doazen bi sortatan banatu da, bereizita esleitzeko, baina, halere, lizitatzaile berari esleitu ahal izango zaizkio biak. Era berean, lizitatzaileak sorta baten zein biren lizitaziora aurkeztu ahal izango dira.

Autobusen kanpoaldeko publizitatearen ustiapenari dagokionez, DTK-k gaur egun dituen autobus guztiena izango da, hau da, 120 autobusena. Zehazki, 9,70 metroko eta 12 metroko 86 autobus, 18 metroko 26 autobus eta 8 mikrobus izango dira.

Markesinetako publizitatearen ustiapenari dagokionez, Donostian 354 markesina eta 225 informazio zutabe daude. Lizitatzailea altzari horien zaintza, kontserbazio eta ordezkatzeaz arduratuko da. Altzarien garbiketa, berriz, DTKren kontura izango da.

Kontratuaren iraupena, sorta guztietarako berdina izango dena, lau urtekoa izango da, kontratua izenpetzen den unetik aurrera. Halere, urtero luzatu ahal izango da, gehienez ere beste bi urte gehiagorako.