DBUS-ek “LION’S CITY HYBRID” lehen autobus hibridoa ekarriko du Donostiara
Dbusek MAN fabrikatik aterako den serieko lehen autobus hibridoa erosi du. Autobusa uztailean helduko da Donostiara, eta Europan egiten den autobus horren lehen entrega izango da. Autobus horren zain gaudela eta uztailaren bukaerara arte, aurreserieko antzeko autobus bat ibiliko da Donostiako kaleetatik.
Behin-behineko modelo horrek behin betikoaren ezaugarri tekniko berak izango ditu. Barruko banaketari begiratuta aurreserieko modelo hau eta DBUSeko autobusak desberdinak badira ere, kanpotik DBUSeko autobusen itxura eman zaio konpainiaren kolore korporatiboekin margotuta. Uztailean helduko den behin betiko autobusak DBUSeko autobusek duten banaketa bera izango du barrutik.
Aste honetan zehar, MANeko teknikariek lehenengo formazio saioak emango dituzte, ekainaren 8tik aurrera autobusa Dbuseko lineak egin ahal izateko moduan egon dadin.
Prestakuntzarako eta probak egiteko erabiliko diren ia bi hilabete hauetan oso informazio garrantzitsua eskuratuko da hainbat parametrori buruz: kontsumoak, konforta, prestazioak, erabiltzeko erraztasuna, etab.
Ibilgailu hau Dbusek 2009ko azaroan astebez probatu zuen lehen prototipoaren bilakaera da. Proba haietan emaitza positiboak lortu ziren, bai erabiltzeko erraztasunari eta gidatzeko gozotasunari dagokienez, bai zarata mailari, kontsumo murrizketari eta fidagarritasunari dagokienez. Autobusa CIVITAS Archimedes proiektuaren diru laguntzarekin erosi da.
Duela bi urtetik hona Dbus igorpenei dagokienez EEV maila duten autobus ekologikoak erosten ari da, Europatik etorriko diren eskakizunei aurreratuta. Autobus hibrido honek igorpenen oso maila txikia dauka eta kontsumoaren %30eko murriztea dakar gutxi gorabehera. Horrek esan nahi du urtean eguratsera 26,5 tona inguru CO2 igortzea saihesten dela.
DBUSek uste du hiriak eszenatoki aparta direla serieko motor hibridoetarako. Hiriko autobusak abiadura txikian doaz eta geldialdi ugari egiten dituzte. Autobus batek funtzionamenduan dagoen denboraren %25etik %49ra bitartean geltokietan eta semaforoetan geldi ematen du. Ohiko ibilgailu batek frenatzean sortzen den energia guztia galtzen du, baina MAN etxeko Lion,s City modeloaren serieko motor hibridoak energia hori berreskuratu eta trakzio energia bihurtzen du. Gainera, gelditzeko eta abian jartzeko sistema automatikoari esker erregaiaren kontsumoa eta CO2 igorpenak txikiagoak dira.
Kontsumo murrizketez gain, DBUSeko autobus berriak askoz isilagoa da, askotan, bereziki geltokietan eta semaforoetan, motor elektrikoarekin funtzionatuko baitu, zaratarik egin gabe.