Dbus soinu bidezko informazio sistema berriak instalatzen ari da itsuentzat eta ikusmen urria duten pertsonentzat
Dbus soinu bidezko informazio sistema berriak instalatzen ari da bere garraio sarean, itsuen eta ikusmen urria duten pertsonen mugikortasuna hobetzeko asmoarekin. Apustu honekin Dbusek bere zerbitzuen irisgarritasuna eta erosotasuna areagotu nahi du, pertsona guztiek Dbuseko autobusetan arazorik gabe bidaiatu ahal dezaten.
Proiektuaren barruan hiru jarduera garatuko dira:
• Audio sistema bat instalatuko da autobusen barrualdean, hurrengo geltokiaren berri emateko.
• Audio sistema bat instalatuko da autobusen kanpoaldean, autobusa geltokira heltzen denean zer autobus linea den eta norako autobusa den jakinarazteko.
• Audio sistema bat instalatuko da informazio paneletan, linea bakoitzeko autobusa geltokira gutxi gorabehera zer ordutan helduko den jakinarazteko.
Hiru sistemek, autobusen barrualdekoa, autobusen kanpoaldekoa zein informazio paneletakoa, semaforoetako soinu bidezko sistema aktibatzeko erabiltzen den aginte-tresna berarekin funtzionatzen dute. Aginte-tresna hauek ONCEren afiliatuek honen bulegoetan eros ditzakete.
Geltokietako informazio paneletako audio bidezko informazio sistema jada martxan dago Boulevardeko geltokietan zein Askatasunaren hiribidekoetan, eta poliki-poliki gainontzeko paneletara zabalduko da. Aurreikusten da apirilean Erdialdeko geltokietako panel gehienetan egongo dela erabilgarri, eta hemendik hilabete gutxira hiriko geltoki guztietako informazio paneletan.
Autobusen barrualdean, denbora bat da audio sistema martxan dagoela, baina duela gutxi sistema hobetu egin da eta, gaur egun sistema aktibatzeko aurretik gidariari eskatu behar bazaio ere, hemendik aste gutxira esandako aginteaz aktibatzeko moduan egongo da.
Autobusen kanpoaldean, berriz, audio sistema martxan da jada 5 eta 28 lineetan, eta ondorengo hilabeteetan gainontzeko lineetan ezartzen joango da.
Aurreikusita dago 2013ko urrian sistema osoa erabilgarri egotea Dbuseko autobus guztietan, bai eta geltokietako informazio panel guztietan ere.
Itsu eta ikusmen urria duten pertsonentzako informazio sistemaren proiektua SITE proiektuan sartuta dago (Smart Traveling in Atlantic Cities), autobusak erabiltzeko erraztasuna hobetzeko neurrietako bat moduan. Proiektua Eskualdeen Garapenerako Europako Fondoak (FEDER) finantzatuta dago, eta Dbusek Eremu Atlantikoko beste bost hirirekin batera parte hartzen du bertan, garraio publikoa hobetzeko diren sistema teknologikoen ezarpena bultzatzeko asmoarekin.
Argazkia: Ongi Euskadi