Donostia eta DBUS Europar Batasuneko CIVITAS programarako aukeratuak
Europar Batasunak Donostia aukeratu du, Europar Batasuneko Ikerketa eta Garapenerako zazpigarren Programa Markoaren barnean garatuko den CIVITAS PLUS programan parte hartzeko.
Donostiak Europar partzuergo batetan parte hartuko du ondorengo hiriekin batera: Donostia, Aalborg (Danimarka), Brighton (Erresuma Batua) eta Iasi (Rumania), hiri lider gisa jardungo dutenak, eta Üsti Nad Labem (Txekiar Errepublika) eta Monza (Italia) hiri ikastun gisa.
Donostiabusek proiektuaren lidergoa eramango du Donostian, bertan ere ondorengo bazkideak izango dituelarik: Euskal Herriko Unibertsitatea-EHU, Logistikako Euskal Erakundea, GA21 eta Donostiako udala bera, Mugikortasun sailaren eta Donostiako Sustapenaren bitartez.
Proiektuaren izena ARCHIMEDES da eta hirien partzuergoak urte bete baino gehiago darama bertan lanean, 4 urteko iraupena izango du: 2008, 2009, 2010 eta 2011. Proiektuaren aurrekontu osoa 26 milioi euro baino handiagoa da, Donostiaren aurrekontua 6 milioi euro ingurukoa den bitartean.
ARCHIMEDES proiektuaren helburu nagusia mugikortasun programa jasangarriak, berritzaileak eta energetikoki eraginkorrak garatzea da.
Zortzi ildo estrategiko definitu dira ARCHIMEDES programaren baitan. Donostiabus “Erregai alternatibo eta ibilgailu garbi eta energetikoki eraginkorrak” izeneko lan arloaren europar mailako lidergoa eramateko aukeratua izan da, eta Donostiako udalarekin batera, “Eskaeraren kudeaketa estrategiak” lan arloa.
44 izango dira guztira, mugikortasun jasangarria eta garraio publikoaren inguruan hartuko diren neurriak Donostian ARCHIMEDES Programaren baitan. Neurri hauen artean hobekuntzak bus karriletan, autobuseko garraio publikoko korridoreen garapena, ibilgailu pribatua ez diren bitartekoen sustapena, autobus ekologikoak, kalitate sistemak garraio publikoan, mugikortasun plan pertsonalizatuak, errepideko segurtasunaren hobekuntza etab. aurreikusten dira.