Donostiak badu jada seriean fabrikatutako “LION’S CITY HYBRID” lehen autobus hibridoa
Dbusek badu jada MAN fabrikatik atera den serieko lehen autobus hibridoa. Europan, eta Donostian ere, zirkulatu duten unitate guztiak azken bertsio optimizatu honen prototipoak izan dira orain arte. Autobusa CIVITAS Archimedes proiektuaren diru laguntzarekin erosi da.
Azken prototipoa gure kaleetatik ibili da ekainetik hona %100ean funtzionatuta Dbuseko linea batzuetan. Eta bere emaitza positiboak honako gauzetan lortu ditu:
– Fidagarritasuna eta operatibitatea
– Erabiltzailearen erosotasuna
– Erraz gidatzekoa
– Kontsumoak
Hauek dira hil hauetan zehar zirkulatu duten lineak: 13 (Alza), 17 (Gros – Amara), 21(Mutualitateak) eta 26 (Martutene).
Linea horiek sistema hibridoari etekin handiena ateratzeko baldintzarik egokienak zituztelako aukeratu ziren. Autobusarekin lan egin den lehen hilabete hauetan ere Dbuseko gidariak prestatu dira linea horietan ibilgailua gidatzen ikas dezaten.
Prototipoarekin egon diren kontsumoko emaitzak itxaropentsuak dira, %20tik gorako aurrezpena lortu baita batez beste. Emaitza ona da kontuan hartzen bada behin betiko modeloak zifra hori handituko duten hobekuntzak izango dituela.
Denbora horretan zehar MAN etxeari prototipoak Dbuseko lineetan izan duen funtzionamenduari buruzko emaitzen berri eman zaio, eta emaitza horiek behin betiko modeloa hobetzeko balio izan dute.
Bestalde, behin betiko modeloa guztiz pertsonalizatuta dago Dbuseko eskakizunetara egokituta. Horretarako, Poznako (Polonia) lantegitik atera eta Logroñoko Burillo Karrozeriak lantegira eraman zuten Dbuseko eskakizunetara egokitzeko: Lion’s City erakargarrien diseinu linearekin jarraitu da, bai kanpoko diseinuari dagokionez bai barruko zatiketari eta gidatzeko postuari dagokionez.
Gainontzeko ibilgailuak bezala, autobus hau %100ean irisgarria da, besteak beste zoru baxu integrala, gurpil aulkiak sartzeko arrapala elektriko teleskopikoa, eta airea girotzeko gailua ditu eta.
Aurreko Lion’s City autobusek zituzten ezaugarri batzuk dituen arren, autobus hibridoaren ezaugarri nagusiak honakoak dira:
– Serieko sistema hibridoa soilik elektrikoa den trakzioarekin, 75 kW-ko motor elektriko biren bitartez.
– Energia metatzeko sistema sabaian jarritako •”ultracap”ekin.
– Abiadura kaxarik ez; horri esker suabe eta era progresiboan azeleratzen du, eta ez “kolpeka”.
– Frenatze energia berriro erabilgarri bihurtzea “ultracap”ak kargatzen dituzten motor elektrikoen bitartez; horrekin nabarmena da freno pastilla eta diskoetan aurrezten dena.
– Zarata nabarmen gutxiago, neurri txikiagoko Diesel motorra erabiltzen duelako.
– Sabaiaren diseinu aerodinamikoa ibilgailuan integratuta, sistema hibridoaren osagai nagusiak haizatzeko.
Duela hiru urtetik hona Dbus igorpenei dagokienez EEV maila duten autobus ekologikoak erosten ari da, Europatik etorriko diren eskakizunei aurreratuta. Autobus hibrido honek ere igorpenen oso maila txikia dauka eta, gainera, kontsumoaren %30eko murriztea espero da berarekin. Horrek esan nahi du urtean eguratsera 27 tona inguru CO2 igortzea saihesten dela.
Kontsumo murrizketez gain, DBUSek beste abantaila bat dauka, askoz ixilagoa delako; izan ere, askotan, bereziki geltokietan eta semaforoetan, motor elektrikoarekin funtzionatzen du eta horri esker ez du zaratarik egiten.
DBUSek uste du hiriak eszenatoki aparta direla serieko motor hibridoetarako. Hiriko autobusak abiadura txikian doaz eta geldialdi ugari egiten dituzte. Autobus batek denboraren %25etik %49era bitartean geltokietan eta semaforoetan geldi ematen du.
MAN etxeko autobus hibrido honek, seriean muntatutako motor hibrido bati esker, %30 erregai gutxiago kontsumitzen du, eta, horrekin, CO2-ren igorpenak ere murrizten ditu. Gainera, gelditzen eta abian jartzeko sistema automatikoari esker erregaiaren kontsumoa eta CO2 igorpenak txikiagoak dira.
Ohiko ibilgailu batek frenatzean sortzen den energia guztia galtzen du, baina MAN etxeko Lion,s City modeloaren serieko motor hibridoak energia hori berreskuratu eta trakzio energia bihurtzen du.
MAN etxeko Lion’s City Hybrid autobusak sari bat baino gehiago eskuratu du esaterako hauek: “Urteko autobusa Espainian” “Viajeros” aldizkariak emana.
Era berean ÖkoGlobe 201 saria jaso du. Sari horrekin, “Garraio publikoko ibilgailuen berrikuntzak” izeneko kategorian autobus hoberena dela aitortu diote MAN etxeko hiri autobus hibridoari. Epaimahaia automobilgintzako industriako eta garraio eta ingurumen politiken ordezkariek osatuta zegoen
Bestalde, autobus hibrido hau etorkizunera bideratutako ibilgailutzat jo dezakegu lehenengo unetik, eta, horretarako, kanpotik duen diseinuari begiratu besterik ez daukagu, bereziki sabaian duen kupulari, zeinaren azpian energia metatzeko gailu bat duen. Aurten sari bat eskuratu du bere diseinuarengatik, red dot award saria hain zuzen ere.