Donostiako Tranbia Konpainiak araudi bat aplikatzen du bidaiarien eskubide eta betebeharrak arautzeko
Garraio publikoko erabiltzailea bezero kategoriara jaso nahian, hartarako haren eskubide eta betebeharrak arautuz, Donostiako Tranbia Konpainiak atzoz geroztik aplikatzen du araudi berri bat, joan den irailean onetsi zena.
Aurreko zazpi hilabete hauetan bilerak egin dira langileekin araudiaren edukia eurei jakinarazteko. Bide Publikoetako zinegotzi Ernesto Gascok (PSE-EE) adierazi zuenez, ikastaroak egin dira eta esku-orri bat argitaratu eta konpainiako langileei banatu zaie. Erabiltzaileek ere araudia ezagutu dezaten, informazio-orri bana jarriko da autobusetan.
Gasco jaunak adierazi zuenez, araudiaren helburuetako bat da, autobus-bidaiarien kopurua, urtean 27 milioi ingurukoa, sendotzeaz gainera, autobusa alternatibatzat hartu gabe, bestelako garraiobideetara jotzen dutenak erakartzea”.
Autobusa herritar guztientzat garraiobide erosoago eta erabilgarriago bihurtu beharra da agiriaren hastapena. Modu honetan, beraz, autobusean sartzeko lehentasuna izango dute mugitzeko zailtasuna duten pertsonak, eurentzat eserleku batzuk propio izango dituztenak, haurdunak eta adineko pertsonak bezala, plataforma baxuko ibilgailuetan.