Berriak

Euskararen aldeko kanpaina DVBusen

DVBUSAutobusetako pantailetan euskara ikasteko hainbat ariketa eta denbora-pasa erakusten dira.

DVBus informazio zerbitzu bat da, Tranbia Konpainiaren erabiltzaileekin batera bidaiatzen duena, eta ekimen berritzailea aurkeztu du, Donostiako Udalarekin batera abiarazita. ‘Autobusean euskara ikasiz’ programa da, eta hasieratik bidaiariek oso harrera ona egin diote. Erabiltzaileek ariketa errazak ikusi ahal izango dituzte, euskaraz ezer ez dakitenentzat edo oso oinarrizko ezagutza dutenentzat zuzenduak.

Euskararen Udal Patronatuak eta DVBusek -DV Multimendia Taldekoa- programa berritzaile hau jarri dute martxan, modu ludiko eta entretenigarrian euskararen gaineko jakintzan laguntzeko. Ekimena Tranbia Konpainiaren autobusetako monitore guztietan ikusi ahal izango da, datorren otsailaren amaierara arte.

Ekimenak Donostiako euskaltegien laguntza ere badu (Donostiako AEK, Ilazki, Urrats, Legazpi 6, Hitzez eta Altza-Urumea). Lankidetza horri esker, bidaiariek erronka errazei egin ahal izango diete aurre: galderei erantzun, oso oinarrizko ariketak egin edo eguneroko egoeretan euskaraz nola adierazi ikasi ahal izango dute. Pantaila horiek guztiak egunero berrituko dira, interesa dutenek pixkana beren ezagutza handitu ahal izan dezaten.

DVBusek interes orokorreko informazioa eskaintzen du bere autobus linea guztietan, eta arreta berezia jartzen die hiriko gaiei. Kiroleko eta nazioarteko gaiei buruz ere eguneko informaziorik berriena erakusten dute, bestelako eduki jostagarri batzuekin batera, horien artean moda irudiak, lehiaketak edo denbora-pasak.