Marrutxipiko autobustegiaren eraikina zabalduta
Donostiako Kotxe-toki berria jada, errealitate bihurtu da. Eraikuntza Marrutxipiko ibarrean (Intxaurrondon) kokaturik dago, Fernando Sasiain kaleko 7. zenbakian hain zuzen ere. Eraikuntza zaharretik metro gutxitara dagoen eraikuntza berri hau uztailaren 21ean zabaldu zen. Hasiera ekitaldira alkatea eta konpainiako lehendakaria Odon Elorza, Udaletxeko talde politikoetako ordezkariak eta C.T.S.S. bertako langileak hurbildu ziren.
Kotxe-toki berria eraikin bakarrez osatua egon arren, erraz bereiz ditzazkegu bi gune. Alde batetik bulegoak, bertan administrazio lanak eta autobusen trafikoaren kontrola burutzen direlarik; bestetik aldiz, hangarra aurki dezakegu, hemen kokatzen direlarik autobusen tailer eta garajeak. Bi guneak enpresako langileen harremana erraztuko duen komunikazio-gune batez elkarturik daude.
Bulegoen eraikinak hiru solairu ditu, guztira 2.500 m2ko azalerarekin. Sotoko solairua langileen autoei bideratua dago, 950 m2ko azalera eta 40 autoentzako edukiera duelarik. Beheko solairuak 775m2ko azalera du eta batez ere harrera-lekuari, trafikoko bulegoari, gidarien kitapenari, enpresako medikuntzari eta langileentzako atseden-lekuari zuzendurik dago. Lehenengo solairuak aldiz, 800 m2ko azalera du eta bulego orokorrei, zuzendaritzari eta langileen prestakuntzari bideratua dago.
Hangarreko eraikina ere hiru solairuz osatua dago, 21.300m2ko azalerarekin, hauetarik 14.400 m2 estaliak direlarik. Beheko solairuak 7.500 m2 ditu eta tailerrei, depositu-betetzeari eta autobusen garbiketari bideratua dago; bertan, aldi berean, konponketa lanetan jardun behar diren 13 autobus sar daitezke. Sotoan eta lehengo solairuan autobusen garajeak daude, guztira 13.800 m2ko azalera dutelarik (6.900 m2 solairu bakoitzean); sotoko solairua 12 metrotako autobus normalentzat izango litzateke, bertan 61 autobus sartuko liratekeelarik. Aldiz, lehenengo solairua erabat irekia da eta 44 autobus sartzen dira bertan, hauetarik 38 artikulatuak izan daitezkeelarik. Guztira 105 autobus; 67, 12 metrotako normalak eta 38, 18 metrotako artikulatuak.
Bulego berriak erabat informatizatuak daude eta hau da eraberritzearen adibide garbiena. Autobusen kontrola satelite bidez (GPS) burutu ahal izateko, ustiapenerako laguntza sistema (SAE) ipintze lanetan dago.
Tailerrak mantenu lanetarako ekipaturik daude: mekanika, elektrizitatea eta karrozeria. Ondorengo instalazioak aurki ditzazkegu: 12 metroko autobusentzako 12 jasogailu, 18 metroko autobus artikulatuentzako lau plataforma jasotzaile, autobusen ihes-hodien gasak xurgatzeko hamar tutu eta ingurugiroan dagoen karbono monoxidoaren arabera xurgapen sistema orokor bat, guzti hau laneko giroa garbi mantentzeko helburuarekin. Honez gain, izotzaren aurkako eta olioen banaketarako sistema zentralizatzaile bat dauka, baita ere potentzia eta balaztatzearen oreka antzemateko frenometro bat; gasolio-hornidurarako bi gune, bakoitzak 60.000 litroko bi biltegirekin; autobusen barnealdea garbitzeko sistema bat, 4 ahotako xurgapen instalazioarekin, eta kanpoaldea garbitzeko beste sistema bat, uraren birziklapena egiten duten bi makinekin (%50eko aurreztea suposatzen duelarik). Autobusen koipe-hondakinak kutxatiletan gordetzen dira, isuri kutsatzaileak saihesteko asmoz. Bulegoek, nahiz tailerrek, suteen aurkako sistema zentralizatu bat dute.
Honez gainera, ondoko lur-sail batean lur erreserba bat dago, gasolioaren ordezko energia eduki nahi denean, gas naturalaren edo hidrogenoaren hornidurarako gune bat ipini ahal izateko.