Berriak

Savannah hiri Estatubatuarreko bisita Dbus-en

Pasa den uztailaren 24an Dbusek Georgiako Savannah hiri estatubatuarreko ordezkaritza bat izan zuen bisitan.

Bisitara hiri horretako garraio konpainiaren arduradunak etorri ziren, bai eta garraio publikoan aditua diren aholkulari estatubatuarrak ere. Taldeak CAT garraio konpainiaren Zuzendari Exekutiboa izan zuen buru.

Savanna Georgia estatuko hiri garrantzitsuenetarikoa da, bere erakargarritasun turistikoagatik ezaguna, urtero milioi batetik gora bisitari jasotzen baititu. Chatham Area Transit (CAT) enpresak 271.000 biztanle dituen zonalde batean dihardu, 19 autobus linearekin auzo periferikoak gune historikoarekin lotuz, egunero-egunero dabiltzan 69 autobusaren bitartez. CAT enpresak 3,3 milioi bidaiari inguru ditu urtero, enpresak eskaintzen dizkien hiri autobus zerbitzuei eta mugikortasun murriztua duten pertsonei eskaintzen dien atez ateko zerbitzuari esker.

Dbus-eko arduradunek eskainitako bisita honetan, ordezkaritza harrituta gelditu zen Dbusek duen bidaiari kopuru handiarengatik, autobusen efizientziagatik eta zerbitzuen errentagarritasunagatik. Bisitan zehar kudeaketa hobea garatzen laguntzen duten teknologia berrien aplikazioa, bidaiarienganako komunikazioa eta segurtasuna zuzenean ezagutu ahal izan zuten. Dbus-ek erabiltzen dituen autobusetan bereziki azpimarratuak izan ziren euren irisgarritasuna, bioerregaien erabilera eta azken belaunaldiko autobus hibridoa.

Dbusetik ezinbestekotzat jotzen dugu nazioarteko garraio enpresekin harreman zuzena izatea; izan ere, beste enpresa batzuekiko interakzioak hiriko autobus zerbitzua hobetzen laguntzen du, esperientzietatik ikasita eta ideia eta ekimen berriak sortuaz.