Erabiltzaileek leku batetik beste batera mugitzeko dituzen ohiturak eraikitzeko sistema aitzindari bat aurkeztu du Dbus-ek
Dbus lanean ari da Konpainiako autobusetan bidaiatzen duten pertsonek egin ohi dituzten bidaien hasiera eta bukaera puntuak eraikitzeko gai den programa berritzaile bat garatzeko, big data abiapuntu hartuta. Javier Vallejo, Dbuseko zuzendari ondokoak, programaren lehen emaitzak aurkeztu ditu ATUC hiri garraio kolektiboen enpresa kudeatzaileen elkarteak egin duen Teknologia Berrietako, Marketineko eta Kalitateko Batzordean, non estatuko garraio operadore nagusiak elkartzen diren.
Batzordea azaroaren 24an eta 25ean elkartu da Kanaria Handiko Las Palmasen, eta bertan hiri batzuetako ordezkariek parte hartu dute, hala nola Bartzelonako, Madrileko, Malagako edo Tenerifeko ordezkariek, besteak beste. Hiri horietako ordezkariak oso interesatuta agertu dira Dbusek garatutako programaz.
Orain arte, tarifa lauak dituzten hiriko autobusetan bidaiarien abialekuaren gaineko informazioa baino ezin zen lortu, baina Tecnosisek diseinatutako programa berriarekin, ordea, autobusetako ticketing datuetatik abiatuta Donostiako erabiltzaileek leku batetik beste batera mugitzeko dituzten ohiturak eraiki daitezke, matematikako algoritmo berritzaile bat erabiliz. Hau da, erabiltzaileek egin ohi dituzten bidaien erregistroa hartuz jakin daiteke zer geltokitan igotzen eta jaisten diren erabiltzaile horiek, haien jatorri-helmuga matrizea, alegia.
Informazio horrekin, besteak beste, posible litzateke zerbitzuen eskaintzaren dimentsioa benetan dagoen eskarira egokitzea, autobusek bidaia zati bakoitzean duten okupazioak kalkulatzea edo eskaintzan aldaketaren bat egingo balitz kaltetutako erabiltzaileei aldaketa horien berri ematea. Modu berean, lagungarria litzateke ibilbideak eta geltokiak aldaketen gainean edo linea berrien sorreren gainean erabakiak hartzeko.
Azken urteetan, Dbusek beste sistema batzuk erabili ditu erabiltzaileen bidaien jatorria eta helmuga ezagutzeko, esaterako, inkestak, bidaiarien igoera datuak linearen eta ordu tartearen arabera, edo jarritako sentsoreen bitartez, edo behaketa bidez edo igoera datuekiko simetriaren bidez lortutako jaitsiera datuak. Programa berriaren kasuan, fidagarritasuna %97-98koa da eta aurreko sistemekin bateragarria da.
Era berean, laster erabilera berriak ezarriko zaizkio programari, hala nola biztanleriaren gaineko datuen sarrera, mapan bistaratzeko aukera edo linea baten jatorri-helmuga matrizearen ikus interakzio dinamikoa eta bere irudikapen kartografikoa.