Berriak

Dbus-ek aztarna ekologikoari buruzko mahai inguru batean parte hartu du, Eskolako Agenda 21aren barruan

Gaur, Dbusek aztarna ekologiko eta ingurumenaren gaineko mahai inguru batean parte hartu du, Donostiako Udalaren Osoko Bilkurako Aretoan, Cristina Enea Fundazioak antolatuta. Jarduera Eskolako Agenda 21 ekimenaren barrukoetako bat da, izan ere, ikasturte honetan egungo bizimoduak ingurunean dituen ondorioen azterketan zentratuta egongo baita ekimena.

Eskolako Agenda 21ean parte hartzen duten Donostiako hainbat ikastetxetako 16 eta 18 urte bitarteko ikasleek hartu dute parte mahai inguruan. Programaren helburua da ikasleak garapen iraunkorrarekin zerikusia duten hainbat gaitara hurbiltzea hezkuntza komunitatea udalaren bizitzan parte hartzera bultzatzeko. Igor Gonzalez Dbuseko zuzendari Gerentearen ondoan, mahai inguruan egon dira, baita ere, IHOBEko ordezkariak (Eusko Jaurlaritzako erakunde publikoa, lurraldeko ingurumen politikaz arduratzen dena) eta Cristina Enea Fundazioaren Iraunkortasunaren Behatokikoak.

Igor Gonzalezek garraio publikoaren erabilerak dauzkan abantaila batzuk aurkeztu ditu; abantaila horiek duela gutxi jaso dira hainbat azterlanetan, eta lau puntu nagusitan laburbildu daitezke:

1) Denboraren optimizazioa: garraio publikoan bidaiatzeak fidagarritasun maila handia ematen du ordutegien betetzeari, erreserbatutako bideei edo aparakalekua bilatzen denbora ez galtzeko premiari dagokienez.

2) Alderdi ekonomikoa: autobusa erabiltzea garraio pribatua erabiltzea baino merkeago ateratzen da eta hileko aurrezpena 200 euro baino gehiagoa izan daiteke.

3) Osasuna eta ingurumena: garraio publikoak igortzen dituen berotegi efektuko gasak garraio pribatuak igortzen dituenak baino 3,5 aldiz gutxiago dira, beraz, arnasten dugun airea garbiago mantentze da eta horrek onurak ekartzen dizkio osasunari. Era berean, garraio publikoak hain sedentarioak ez diren ohiturekin lotura dauka.

4) Leku publikoaren aprobetxamendu handiagoa: garraio publikoarekin ibilgailu pribatuarekin baino pertsona gehiago garraiatu daitezke, beraz, garraio publikoa erabiltzeak hirian  pertsonentzako leku gehiago egotea ahalbidetzen du.

Era berean, Dbuseko zuzendari gerenteak Dbusek datozen urteetarako edukiko duen ingurumeneko estrategia aurkeztu du, bai eta Konpainiaren flotaren bilakaera ere, flotarik iraunkorrenetako eta ingurumenarekin errespetutsuenetako bat baita. Izan ere, espero da 2020rako Dbusen flotaren erdia teknologia elektriko-hibridokoa izatea.