Dbus-en 2022ko bidaien analisia
2022ko urtean Dbusen autobusetan zenbatutako bidaia kopurua 25.503.508 izan da, eta 2021ean, berriz, 22.266.087 izan ziren. Bidaia kopuruan egondako 3.237.421 bidaiako igoera horrek esan nahi du %14,54 handitu dela.
Analisia lineaz linea
Lineei dagokienez, 2022an gehien erabili den linea 28-Amara-Ospitaleak izan da, eta horren atzetik 13-Altza eta 5-Benta Berri lineak. Bidaiarien Garraio Publikoari buruzko UNE-EN 13816 arauaren arabera AENORen kalitate ziurtagiria duten hiru lineak dira, eta ziurtagiri horrekin linea horien zerbitzuaren kalitatea egiaztatzen da.
Era berean, 2019ko eskaria gainditu duten autobus lineak izan dira 19-Aiete-Bera Bera (%119,50), 33-Larratxo-Intxaurrondo-Berio (%100,42), 35-Antigua-Aiete-Ospitaleak (%106,83) eta 46-SanAntonio-Morlans (%117,95), nagusiki 19, 33 eta 35 lineetan egin diren maiztasunen hobekuntzengatik eta 46 linean egin den ibilbide aldaketagatik, denak 2021ean egin zirelarik.
Eskaria nabarmen (%90 baino gehiago) berreskuratu duten beste linea batzuk izan dira 17-Gros-Amara-Miramon, 24-Altza-Gros-Antigua, 26-Amara-Erriberak-Martutene, 31-Intxaurrondo-Ospitaleak-Altza, 41-Gros-Egia-Martutene, 45-RENFE-Bus geltokiak-Antigua-Aiete eta TB6-Ulia.
Bidaien analisia
Lehenik eta behin, 2022 urte osoa hartuta, azaroan erabili da gehien autobusa, 2.302.956 bidaiarekin.
Bigarrenik, abenduaren 21ean (San Tomas) erabili da gehien autobusa, 111.926 bidaiarekin, eta, egun horren atzetik, azaroaren 3an eta abenduaren 16an izan dira autobusa gehien erabili deneko egunak, 97.805 eta 95.768 bidaiekin, hurrenez hurren.
Zentzu horretan, 2022an, lanegunetan 81.070 bidaia egin dira autobusean batez beste, hau da, 2021ean baino %13,35 gehiago.
Larunbatei dagokienez, 59.464 bidaia egin dira batez beste autobusez, 2021eko datuekin alderatuta %18,60 bidaia gehiago. Jaiegunetan, 36.169 bidaia egin dira batez beste. Horrek esan nahi du 2021ean baino %23,70 bidaia gehiago. Bi kasuetan eskariaren %82,75 eta %84,89 berreskuratu da, hurrenez hurren, 2019koarekin alderatuta.
Horrez gain, 2022an erregistratutako bidaien %92,40 garraio txartelak erabiliz egin dira (Lurraldebus, MUGI, SS-Card eta BAT / BARIK). Bidaien %7,60 baino ez dira egin garraio txartela erabili gabe, eta 2019an %8,32 izan ziren. 2022an, garraio txartela erabili gabe egindako bidaien %62 eskudirutan ordainduz egin dira eta %38 EMV bidez ordainduz.