Berriak

“5G Euskadi” proiektuaren barruan, Dbusek 5G konexioa probatuko du 17 eta 28 lineetan

Dbus “5G Euskadi” proiektuan parte hartzen ari da, zeinaren bidez 5G sare esperimental bat hedatuko baita Euskal Herriko hiru parke teknologikotan (Miramon, Zamudio eta Miñao) eta Abadiñoko herrian. Euskadiko lehen 5G proiektu pilotua da, eta bere helburua da Euskal Herriko enpresa eta zentro teknologiko nagusien berrikuntza eta eraldaketa industriala bultzatzea. Proiektuan 13 agente parte hartzen ari dira eta 9 erabilera kasu inplementatuko dira, eta kasu horietako hirutan Dbusek parte hartuko du.

5G sareek etorkizunean izango dute garapenaz eta teknologia hori mugikortasunaren, energiaren, industriaren eta zibersegurtasunaren eremuetan aplikatuz lurraldearen garapen sozialerako eta ekonomikorako izango duen garrantziaz gogoeta egin ondoren jaio da “5G Euskadi” proiektua. Ekonomia eta Enpresa Ministerioaren mendekoa den Red.es erakunde publikoak deituriko programaren zati bat da.  

Dbusek 3 erabilera kasu inplementatuko ditu

Zehazki, proiektu berritzaile honen bitartez Dbusek hiru proba egingo ditu 17-Gros-Amara-Miramon eta 28-Amara-Ospitaleak lineetan. Izan ere, linea horiek Miramon aldean zerbitzua ematen dute, eta Miramon da, hain zuzen, proiektuaren barruko ekintzen inplementaziorako lekuetako bat.  

  • Bideozaintzako sistema: Dbuseko autobusek kamerak dituzte autobusaren erabiltzaileen eta gidarien segurtasuna bermatzeko. Segurtasun kamerek bereizmen handiz hartutako irudiak prozesamendu zentrora denbora errealean transmititzea izango litzateke batez ere erabilera kasu hori.
  • Autobusaren barruko Wifi konexioaren hobekuntza: Dbuseko autobusek wifi konexioa dute erabiltzaileen esku. Konexio hori 4G sare batean sortu da, eta horrek bere erabilera mugatzen du erabiltzaile bat baino gehiago ari bada konektatzen saiatzen. Proiektuaren bitartez 5G konexioa egiaztatuko litzateke, zeinak erabiltzailearen esperientzia hobetuko lukeen.
  • Ibilgailuen mantentze lanak: 5G sarearen erabilera autobusaren hainbat parametro monitorizatzeko eta horren bidez autobusaren mantentze lanak hobeto egiteko.

Dbusekin batera, proiektuko bazkide parte hartzaileak dira Euskaltel, R, Orange, MásMóvil, ZTE, Gestamp, Ikusi (Velatia Taldea), CAF, Datik (Irizar Taldea), CEIT eta Vicomtech. Enpresa horiek, gainera, Iberdrola, Basque Security Center (Eusko Jaurlaritza), Tecnalia eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetza hitzarmenak ezarri dituzte. Proiektuak, halaber, erakunde hauen babesa dauka: Eusko Jaurlaritza (Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Saila), Donostia-San Sebastiango Udala, Gipuzkoako Aldundia, Bizkaiko Aldundia, Arabako Aldundia, Zamudioko Udala eta Abadiñoko Udala.

Proiektuak 30 hilabete iraungo du, eta 7,1 milioi euroko aurrekontua dauka guztira. Aurrekontu horretatik, Dbusi 338.316€-ko aurrekontua dagokio, eta Ekonomia eta Enpresa Ministerioak eta Eskualde Garapenerako Europako Fondoak (FEDER) elkarrekin finantzatuko dute, Espainiako Eskualde askotako Programa Operatiboaren kontura (POPE).