Dbus-ek ingurumenarekin errespetutsua den teknologia duten 31 autobus berri edukiko ditu
Datozen lau urteetan Dbusek 12 eta 18 metroko 31 autobus berri gehiago izango ditu gehienez. Autobus berri guztiek ingurumenarekin errespetutsua den igorpen teknologia edukiko dute, beraz, agerian geratzen da Dbusek ekologiarekin eta iraunkortasunarekin duen konpromiso etengabea.
Dbusek MAN TRUCK & BUS IBERIA, SAU enpresari esleitu dio hiru autobus sortaren erosketa. Zehazki, diesel teknologia duten 12 metroko autobusak, 12 metroko autobus hibridoak eta diesel teknologia duten 18 metroko autobus artikulatuak erosiko dizkio. Lehen unitateak 2017aren amaieran jasoko dira, eta autobus berri horiek Konpainiaren diesel autobusik zaharrenen lekua hartuko dute pixkanaka-pixkanaka, flota berritzeko plana garatzen jarraituta. Horrela, aurreikusten da urtean 154 tona CO2 gutxiago igorriko dela.
MANen eskaintzako autobusek ekologia, efizientzia eta irisgarritasunari dagokienez ibilgailuei eskatzen zaizkien ezaugarriak betetzen dituzte. Autobus guztiak Dbuserako pertsonalizatuta egongo dira, bere bidaiarien egungo premietara egokituta egongo dira eta. Hala, Dbusen eskakizun guztiak beteko dituzte irisgarritasun, erosotasun eta segurtasunari dagokienez, eta %100 irisgarriak izango dira, zoru baxua eta sartzeko arrapala edukiko baitute, 2 aulki gurpildunetarako lekura iristeko.
Dbus izango da hiru autobus modelo horiek erosten dituen lehen enpresa Estatuan, jakinda Euro 6c araudia betetzen dutela eta, beraz, beren motor termikoak igorpenen saiakuntza berrietarako prest daudela. Saiakuntza berri horiek 2020an sartuko dira indarrean, eta benetako funtzionamendu baldintzen pareko emaitzak lortu nahi dituzte.
Hauek dira esleitutako ibilgailuak:
1) Diesel teknologia duten 12 metroko autobusak: MAN etxearen Lion´s City NL 283 (A21) modelokoak. Autobus horiekin kontsumoa %12 inguru murriztu daiteke, prestazio berberak zituzten aurreko modeloen aldean.
2) 12 metroko autobus hibridoak: Dbusek autobus hibridoen beste unitate batzuk gehiago edukiko ditu, zehazki MAN etxearen Lion’s City NL HIBRIDO (A37) modelokoak. MAN etxearen Lion’s City Hibrido modeloarekin igorpenak %25 inguru murriztu daitezke, antzeko ezaugarriak dituzten diesel autobusen aldean. Modelo honek funtzio hauek ditu:
– “Serie”-ko konfigurazioa, abiadura kaxarik gabea, gidatzea oso eroso egiten duena.
– Frenatzearen energia berriro erabilgarri egitea (suabeago frenatzea, freno elementu mekanikoen kontserbazio handiagoa eta energia gordetzeko sistemari etekin handiagoa ateratzea).
– Arrive & Go funtzioa: funtzio horrekin, ibilgailua geltoki batera hurbiltzen denean eta ibilgailua abiarazten denean edo abiarazten ari den bitartean, modu elektrikoan baino ez du funtzionatzen, gasik igorrik gabe eta ingurunean kutsadura akustikorik eragin gabe.
3) Diesel teknologia duten 18 metroko autobusak: 18 metroko Lion’s City NG (A23 320 CV) modeloa aukeratu da. Frogatu da modelo honek %12 inguru gutxiago kontsumitzen duela, prestazio berberak dituzten aurreko modeloekin konparatuta.
Era berean, flotara gehitu diren azken modeloetan bezala, autobus berriek USB kargagailuak edukiko dituzte bidaian zehar gailu elektronikoak doan kargatu ahal izateko.
2017aren amaierarako aurreikusita dago 12 metroko 3 autobus, 12 metroko 4 autobus hibrido eta 18 metroko 3 autobus artikulatu gehiago egotea zerbitzuan, eta horretarako beharrezkoa izango da 2.943.000 euroko inbertsioa egitea. Baliteke 2020rako flotan beste 31 autobus gehiago egotea gehienez. Hortaz, flota berritzeko aldiaren bukaeran, Dbusek Euro 6 teknologiadun autobus gehiago edukiko luke eta ibilgailu ekologikoen portzentajerik handieneko hiri garraioko flotetako bat litzateke, flotaren %80k igorpen mailarik zorrotzena betetzen bailituzke, grafikoan ikusi daitekeenez. Era berean, 12 metroko autobusen %35 baino gutxiago ibilgailu elektriko-hibridoak dira.