Dbus-ek Irizarren lehen autobus elektrikoa dauka bere autobus flotan
Uztailaren 23tik aurrera duela gutxi aurkeztu den Irizarren lehen autobus elektrikoa Donostiako kaleetatik ibiltzen egongo da, Dbuseko hiriko beste autobus lineekin batera.
Ezaugarri hauekin Europan dagoen lehen autobusa da eta Donostia autobus hori zirkulazioan izango duen lehen hiria izango da. Autobusa Irizar Taldeak fabrikatu du, Dbusekin elkarlan estuan arituta. Proiektuan JEMA eta Datik enpresek parte hartu dute, bai eta Teknologiaren Euskal Sarean sartuta dauden CEIT, Tecnalia eta Vicomtech teknologi zentroek ere.
Dbusek hasieratik hartu du parte proiektuan, 2011az geroztik, lehenengo zehaztasunak definitzen, gero garapenak egiaztatzen eta prototipoak baliozkotzen. Autobusa martxa jarri ondoren, Dbusek emaitzen azterketa sakona egingo du hurrengo hiletan, denbora horretan autobusa hiriko hainbat zonaldetatik dabiltzan lineetan ibiliko baita.
Autobus elektriko berriak 12 metroko luzera du eta energiaren erabilera optimizatzeko helburuarekin diseinatu da, Dbusek dituen hiriko autobusen prestazioei eutsita eta hobetuta. 250 kilometro baino gehiagoko autonomia lortzea espero da. Sodio Nikeleko kimika duten bateria moduluek, Ultracap-ekin konbinatuta, motor elektrikoari energia ematen diote, 3.100 NM-ko trakzio parea eta 230 kW-ko potentzia lortuta. Ibilgailuak frenatzean sortzen den energia berreskuratu eta energia elektriko bihurtzen du, baterien autonomia handituta.
Autobusa Dbuseko kotxetegian kargatuko da, gauez, eta bereziki diseinatuta dago, autobusa goizez zerbitzua ematen hasteko moduan egon dadin, klimatizazio egoera ezin hobeetan eta energiaren kontsumoa minimizatuta. Horretarako Dbusen karga gune bat instalatu da, autobus horretarako bereziki diseinatuta.
Ibilgailuak Dbuseko beste autobusek dituzten erosotasun eta segurtasuneko elementu guztiak ditu, esaterako gurpildun aulkiak sartzeko erdiko atean duten arrapala teleskopikoa, atea lerragarri azkarrak, Irizar-Hispacold klimatizazio sistema, audio sistema eta LED argiak barruan eta kanpoan. Gainera, barruko antolaketan ere berritasunak ditu: erreserbatutako 4 eserleku eta gurpildun aulkietarako edo haurren kotxeetarako 2 leku, erdiko atetik leku horietara azkar heltzeko moduan diseinatuak.
Propultsio teknologia aurreratuak azkar garatu dira, gero eta garbiagoak izanik, eta horrek indartu egiten du autobusak hiriguneetan pertsonak taldean garraiatzeko aukera hoberen gisa betetzen duen zeregina, malguak izateaz aparte, horrekin ingurumena errespetatzea ere lortzen baita.
Donostiaren ondoren, aurreikusita dago autobus elektriko honen hurrengo unitateak Bartzelonako hirian zirkulazioan jartzea, ZeUs ekimen europarraren baitan (Zero Emission Urban Bus System), non Bartzelonaz aparte, Bonn, Glasgow, Londres, Münster, Plzen eta Stockholm hiriek ere parte hartzen duten, hiri garraio kolektiborako soluzio elektriko berriak garatzeko helburuaz, hirietan elementu kutsatzaileen igorpena desagerrarazita.