Berriak

Dbus-ek kotxetegien instalazioak handitu ditu kanpoaldean aparkaleku berri bat jarrita

Gaur aurkeztu dute Donostiako Marrutxipi inguruan dauden Dbuseko Kotxetegietan egindako handitze lana. Kanpoaldean egindako aparkaleku berria da. Aparkaleku horretan erraz aparkatu ahal izango dira flotako ibilgailu guztiak, flota etengabe hazten eta berritzen ari baita, Donostiako garraio publikoaren zerbitzura autobus berriak sartzen jarraitu ahal izateko. Aurkezpen ekitaldia instalazioetan egin da, eta bertan parte hartu dute Donostiako alkate Eneko Goiak, Mugikortasun eta Garraioko zinegotzi Pilar Aranak eta Dbuseko zuzendari gerente Igor Gonzalezek.

Eneko Goia alkateak adierazi duenez, “handitze honi esker, autobus-sistema publikoak zerbitzurik onena ematen jarraituko die erabiltzaile guztiei, eta, gainera, konpainia gisa duen bilakaerarekin bat datorren espazio moderno eta praktikoa emango dio”.

Aparkaleku berriak 6.000 m2-ko azalera du, eta 12 eta 18 metroko autobusetarako 26 plaza ditu. Aparkaleku osoa kanpoan dago, eta teilape perimetral bat dauka, barruan estalita ibiltzeko. Horrez gain, zarataren aurkako pantailak eta segurtasun kamerak dauzka eta argiztatuta dago. Ura, elektrizitatea eta airea hartzeko hornidura guneak ere baditu, mantentze lanetarako. Gaur egungo Kotxetegien eraikinaren ondoko orubean dago. Kotxetegi horiek 2003an eraiki ziren eta autobusen belaunaldi berriaren premiei eta flota kudeatzeko behar den guztiari erantzuteko behar diren erraztasun eta baliabide guztiak dituzte. 

Era berean, aparkaleku berria gehituta, Kotxetegien eremurako sarbideak aldatu dira, eta Konpainiako langileentzat beste aparkaleku plaza batzuk gehitu dira. Mons pasealekua eta Fernando Sasiain kalea lotu eta Kotxetegien eraikin nagusia aparkaleku berritik bereizten zuen bidea ere lekuz aldatu da, metro batzuk beherago, Zubiaurrerantz. Horrela, beraz, Kotxetegien eraikina aparkaleku berriarekin konektatuta dago barrutik.

2021ean enpresak 135. urteurrena egiten duen egun berean aurkeztu da instalazioen handitze lanen emaitza, izan ere, enpresa 1886an eratu zen, gaur egun dagoen lekutik metro gutxira, Ategorrietako Kotxetegi zaharretan.  Azken urteotan flota apurka-apurka handitu denez, beharrezkoa izan da Kotxetegietako aparkalekuen lekua handitzea. Gaur egun, Dbusek duen flota ingurumenaren aldetik jasangarrienetariko bat da. 139 autobuseko flota da, tartean direla 12 metroko autobusak eta 18 metroko autobus artikulatuak, eta 12 metroko flotaren erdia, gutxi gorabehera, elektriko-hibridoa da.

Flota moderno, eroso, seguru, irisgarri eta jasangarria eskaintzeko konpromisoan beste urrats bat eginez, Dbus lanean ari da autobus artikulatuak ere berritzeko. Gaur egun 18 metroko 34 autobus dauzka, eta aurreikusita dago urte honen amaierarako 9 autobus artikulatu hibrido berri zerbitzuan jartzea. Autobus artikulatu hibrido horiek Dbusek teknologia horrekin erositako 18 metroko autobusen lehen unitateak izango lirateke.