Dbus-ek memoria aurkeztu du eta 2018aren balantzea egin du
Dbusek 2018ko ekitaldiari dagozkion urteko kontuak eta Erantzukizun Sozial Korporatiboari buruzko Memoria aurkeztu du Administrazio Kontseiluan. Memoria jada eskuragarri dago webgunean.
Dbusek urtean zehar bai enpresaren barruan bai kanpoan egin dituen ekintzen laburpen zabala da dokumentua. Memoriak alderdi ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak hartzen ditu bere baitan, eta, besteak beste, eskainitako zerbitzuarekin lotura duten alderdiak, egindako jarduketak, autobusen flotari buruzko datuak eta Dbus partaide izan deneko proiektuak zein 2018an egin dituen ezarpen teknologikoak zehazten ditu. Era berean, bere orrialdeetan bidai kopuruak eta garraio titulu desberdinen erabilera, emaitza ekonomikoak eta Konpainiak jaso dituen errekonozimenduak aztertzen dira.
Horrez gain, memoriak bereziki azpimarratu ditu kudeaketa etikoa eta garapen iraunkorra, eta Dbusek alderdi sozial, ekonomiko eta ingurumenekoekin zein bere langileekin hartutako konpromisoaren isla garbia da; kudeaketan eta zerbitzuaren kalitatean bikaintasuna lortze aldera enpresak egindako apustuaren baitan sartzen dira horiek.
1)Autobus erabileraren hazkunde historikoa
2018an, 29.168.773 izan dira Dbusen zerbitzuetan autobusez egindako bidaiak, eta aurreko urtean, berriz, 28.402.059 bidaia erregistratu ziren. Horrek esan nahi du bidai kopuruak igoera handia eduki duela, urtean 766.714 bidaia gehiago egin baitira. 2000tik egon den igoerarik handiena izan da, eta orain arteko bigarren bidaia kopururik handiena, 2012an 29.216.698 bidaia erregistratu ziren eta.
Uztailaren hasierara arte Astiñeneko zubia itxita egon den arren eta horren ondorioz denbora tarte horretan autobusek 34.000 bidaia gutxiago egin badute ere, 766.503 bidaia gehiago egon dira azkenean, 24-27-41 lineek egin behar izan dituzten ibilbide alternatiboei esker.
Horrenbestez, datu horiekin, Dbusek bateratu aurretik garraio publikoaren erabileran zuen maila eskuratu du berriro, jakinda 2011n izan zuela erabilera mailarik handiena 2004tik etengabe igotzen aritu ondoren.
Autobus erabileraren batez bestekoa igo egin da bai lanegunetan (eguneko 91.638 bidaia, pasa den urtean eguneko 90.255 bidaia izan zirelarik) bai larunbatetan (eguneko 69.589 bidaia, pasa den urtean eguneko 65.829 bidaia izan zirelarik), bai jaiegunetan (eguneko 43.170 bidaia, pasa den urtean eguneko 41.435 bidaia izan zirelarik).
Honako hilabete hauetan erabili da gehien autobusa: abuztua izan da autobusa gehien erabili den hila, 2.599.594 bidaiarekin (Donostian Dbuseko autobusen inoizko erabilera kopururik handiena), eta horren atzetik uztaila 2.526.588 bidaiarekin, urria 2.498.588 bidaiarekin eta iraila 2.490.072 bidaiarekin.
Urte osoan, bai neguko hiletan bai udakoetan, autobusa oro har gehiago erabili izan da eta, zalantzarik gabe, eman den zerbitzu onak eduki du eragina horretan, nagusiki puntualtasunaren aldetik izandako indize altuengatik eta zerbitzuaren abiadura komertzial handiarengatik; izan ere, horregatik da garraio publikoa hiritik mugitzeko modurik eraginkorrena donostiarrentzat.
Gautxori zerbitzuek ere hazkundea izan dute euren erabileran, 210.348 bidaiarekin, iaz baino 20.625 bidaia gehiago (%11ko erabilera hazkundea).
Dbusek eta beste operadore batzuk autobusez edo trenez egindako hiri bidaiak kontuan hartuta, 2018an ia 33 milioi bidaia egin dira Donostian Garraio Publikoan. Testuinguru horretan Dbus da donostiarren erreferentziazko garraio baliabidea. Donostiako biztanle bakoitzak batez beste 178 bidaia egin ditu urtean, eta zifra hori Europan dagoen handienetako bat da, bai eta Espainian biztanle kopuru antzekoa duten gainontzeko hirietakoa baino askoz handiagoa ere.
Izan ere, Dbuseko zerbitzuetan 2018an izan den %2,72ko hazkundea beste hiri batzuetan hiri garraioan izan duten hazkundearen batez bestekoaren oso gainetik dago, horietan %1,5ekoa izan baita, Estatistika Institutu Nazionalak bidaiarien garraioari buruz egindako urteko txostenak jasotzen duen bezala.
2) Pasa den urtean abian jarritako neurriak eta jarduerak:
- Flotan beste 4 autobus hibrido, 18 metroko hiru autobus artikulatu eta Euro 6 teknologiadun mikrobus berri bat gehitu ziren, eta horiekin une honetan 132 ibilgailu dira flotan, autobusen batez besteko adina 7,8 urtekoa izanik.
- Era berean, 2018an 12 metroko 14 autobus hibrido gehiago erosi dira. Horiek MAN etxearen Lion’s City NL HIBRIDO modeloko autobusak dira (A37), Dbusek bere flotan sartu duen autobus hibridoaren azken modelokoak, alegia.
- 46-Morlans mikrobus linea berria jarri du martxan Dbusek. Linea berriak Morlans aldean emango du zerbitzua, alde hori hiriko Erdigunearekin lotuta, 30 minutuan behin. Zerbitzu berriak alde horretan hobekuntza garrantzitsua dakarkio garraio publikoaren zerbitzuari.
- Elekromugikortasunari bultzada ematea. Horretarako, lankidetza hitzarmena sinatu da Donostiako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean, 28-Amara-Ospitaleak linearen elektrifikazioan aurrera egiteko asmoaz.
- Bi proiektu piloto jarri dira abian, bata 18 metroko %100 elektrikoa den autobus artikulatua, Irizarren ie tram modelokoa, ibilbidean aukerako karga duena, probatzeko, eta, bestetik, Vectia CAF Taldeko enpresaren 12 metroko autobus hibrido-elektriko bat probatzeko.
- Kutxabankekin kontratua sinatzea, EMV kontaktu gabeko banku txartelarekin ordaintzeko sistema inplementatzeko Dbuseko flota osoan. Neurri hori E-MOBASK proiektu europarraren barruan sartuta dago eta hurrengo hilabetetan osatuko da.
- EKObus gidatze sistema eraginkorraren Sistema hori egun 32 autobusetan dago instalatua eta esleipenarekin aurki Dbuseko autobus guztietan instalatuko da. Sistema hori aitzindaria da munduan, kontsumoak murriztea ahabidetzen duelako eta zerbitzuek bat ez egitea saihesten duelako.
- Dbuseko bi autobus dieseletan eraginkortasun energetikoa hobetzeko sistema, Start-Stop sistema, inplementatzea. Sistema horri esker, autobusa gelditzen denean, esaterako autobus geltokietan, semaforoetan edo auto pilaketetan, motorra ere gelditzen da, erregai kontsumoa murrizteko, kutsatzaile gutxiago igortzeko eta zarata gutxiago ateratzeko, eta horrela autobusek autobus hibridoen antzera funtzionatzen dute.
- Eskaripeko geldialdien zerbitzua B8 Mirakontxa-Benta Berri-Seminaioa Dbusen gaueko linean, emakumeentzako eta 18 urtetik beherakoentzako jaistea eskatzeko aukerarekin, ibilbideko geldialdi ofizialen arteko gune jakinetan. Era berean, sistema beste autobus linea batzuetara zabaltzea aztertu da.
- Autobusetan seinaletika hobetzea, errazagoa eta ulergarriagoa izan dadin. Autobusetan eskaintzen den irudi bidezko informazioa hobetzea da asmoa, autobus barruan zein kanpoan dauden guneen erabilerari buruzko informazio argiagoa eta osotuagoa emanda. Erabiltzaileek egindako ekarpenak izan dira hobekuntza horren abiapuntua.
- “Laguntzaileak” kanpaina autobusa belaunaldi desberdinen arteko elkarbizitzarako espazio gisa sustatzeko. Horretan Easo Politeknikoan Mendekotasun egoeran dauden pertsonen arreta izeneko prestakuntza zikloa egiten ari diren 40 ikaslek hartu zuten parte, Dbusen bidaiatzen duten adineko pertsonei lagundu eta aholkuak emateko asmoarekin, adinekoen kolektibo horrek geltokietako informazioa ulertzeko edo autobusean bidaiatzeko zailtasunak eduki baititzake.
- “Zurekin edonora” kanpaina, Mugikortasun Iraunkorraren Aste Europarraren barruan “Laguntzaileak” kanpainari jarraipena emateko. Kanpaina horrekin egin ziren ekintzek autobusean doazen gainerako pertsonekiko erabilera onaren mezua eman nahi zen.
- “Donostiako natur ingurua ezagutu” kanpaina, Cristina Enea Fundazioarekin elkar lanean, Habitataren Munduko Eguna zela eta, Donostiako fauna eta flora autoktonoa ezagutzera emateko, horretarako hiriko autobusen markesinak erabili zirelarik.
- “Bidai txartela zure asegurua da” kanpaina Dbuseko autobusak erabiltzen dituzten pertsonak ohartarazteko garrantzitsua dela beti bidai txartela ordaintzea eta, txartel pertsonalizatuarekin ordainduz gero, nork bere txartelarekin ordaindu behar duela.
- Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Departamentuarekin lankidetza, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala hedatzeko, onartu zirela 70 urte bete direla eta. Uztailean eta abuztuan Dbuseko 30 autobus Deklarazioaren artikuluekin “jantzi” ziren, diseinuko profesionalek egindako interpretazio artistikoekin ilustratuta.
- Sormenari buruzko lehiaketa “c de c 2018” urteko kongresuaren barruan, Club de Creativos erakundeak antolatzen duena, autobusa publizitaterako euskarri gisa erabiltzea sustatzeko eta sektoreko ikasle eta profesionalen artean sormena bultzatzeko.
- Argibusa ekimena, Gabonak eta Donostiako dekorazioa Matia Fundazioaren Lamourous Zentroan bizi diren adineko pertsonengana hurbiltzeko Dbuseko autobus batetik. Donostiako Udalak bultzatu duen Donostia Lagunkoia izeneko planaren ekimenetako bat da, hiria lagunkoiagoa izaten laguntzeko eta adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin.
- Komunikazio edo gizartearen partaidetzarako jarduera batzuk, esaterako udan gaueko garraio publikoa bultzatzeko kanpaina, Gabonetako ”Dbus eta Gabonak” izeneko haurren marrazki lehiaketa edo elkarte eta kolektibo batzuekin egindako elkarlana.
- Gidatze ekonomiko, seguru eta ekologikoari buruz eta giza harremanei buruz langileei eman zaizkien ikastaroak, bereziki azpimarratuta dibertsitate funtzionala duten pertsonekiko harremanei buruzko ikastaroa.
- BAI SAREAn parte hartzea. Sare hori emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean laguntzen duten erakundeek osatzen dute, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak bultzatuta, eta bere helburua da lan eremuan berdintasuna bultzatzea eta bermatzea.
3) Gehien erabili diren lineak eta ordaintzeko modua
Pasa den urtean zerbitzuko 6.883.038,607 kilometro eta 472.616 ordu eskaini ziren, eta batez beste horien %97,57tan zerbitzua puntuala izan zen.
Hauek izan ziren gehien erabili ziren lineak:
– 28-Amara-Ospitaleak: 4.141.657 bidaia
– 13-Altza: 3.659.161 bidaia
– 5-Benta-Berri: 3.098.813 bidaia
Ordaintzeko moduari dagokionez, azpimarratzekoa da bidaiarien %91,241ek deskontuak eduki zituztela egindako bidaia bakoitzeko, dela MUGI txartelekin, dela BAT eta BARIK txartelekin. Gainerako bidai txartelak eskudiruz edo kontakturik gabeko EMV banku txartelekin ordaindu dira. Azpimarratzekoa da iaz BAT eta BARIK txartelen erabilera bikoiztu egin zela aurreko urtearekiko. 2018an BAT eta BARIK txartelekin ordaindutako 84.613 bidaia zenbatu dira; aurreko urtean, berriz, horrela ordaindutako 43.899 bidaia zenbatu ziren.
Era berean, Dbuseko hainbat lineatan jarraitu egin da EMV banku txartelekin ordaintzeko proiektu pilotoarekin. Urtean zehar Visa, Mastercard edo American Express txartelekin ordaintzea finkatzen joan da eta azkenean %8 izan da EMV banku txartelekin ordaindutako bidai kopurua.
Horretaz aparte, 2018an Donostiako Udalaren ekarpena 0,54 zentimokoa izan da bidaiako; Donostia hiriaren ezaugarri antzekoak dituzten gainerako hirietan garraio kolektiboek eskuratzen dutena baino nabarmen txikiagoa da zifra hori, hiri horietan udalek garraio kolektiboei egiten dieten ekarpena 0,91 €-koa baita batez beste:
4) Aenor ziurtagiria eta pertsona erabiltzaileen balorazio positiboa
5-Benta Berri, 13-Altza eta 28-Amara-Ospitaleak Lineek AENORen kalitate ziurtagiria eskuratu dute berriro, Bidaiarien Garraio Publikoari buruzko UNE-EN 13816 arauaren arabera, eta ziurtagiri horrekin linea horien zerbitzuaren kalitatea egiaztatzen da. Gaur egun, arauak ezartzen dituen konpromisoak egiaztagiria duten lineetan ez ezik autobus flota osoan eta Konpainiaren eguneroko jardunean ere ezartzen dira. Dbusek eskaintzen duen zerbitzuaren kalitatean eta Dbuseko erabiltzaileek egiten duten balorazio onean ikusten da filosofia hori.
5-Benta Berri, 13-Altza eta 28-Amara-Ospitaleak lineen gainean egin den azken inkestan, erabiltzaileek 8,12 puntuazioa eman dute batez beste. Horrek baieztatzen du hiru linea horietako erabiltzaileak oso pozik daudela zerbitzuarekin. Inkestan zerbitzuarekin lotutako 24 alderdi baloratu dira gehienez. Honako hauek izan dira ondoen baloratutako alderdiak:
– Ordaintzeko sistemen erosotasuna (8,90).
– Zerbitzu ordutegiak, maiztasunak, ibilbideak (8,75)
– Eskainitako zerbitzua betetzea (8,70)
– Lineaz aldatzeko aukera (8,68)
– Autobusak eta beraien fidagarritasuna (8,55)
Dbusen bezeroei eskaintzen zaien arreta hobetzeko politika da garrantzia gehien duten alderdietako bat. Komunikatzeko kanalik garrantzitsuena Erabiltzaileari Arreta Egiteko zerbitzua da. Zerbitzu horretan, telefonoz edo e-mailez, era pertsonalizatuan egiten zaie arreta jasotako kontsulta, iradokizun eta kexa guztiei. 2018an, ondokoa izan da banaketa:
Idatzizko erreklamazioak gutxitu egin dira nabarmen azken urteetan:
5) Ingurumenarekin ikuspuntutik iraunkorra den flota bat
2018an zehar, Dbusek urrats berriak eman ditu bere flota ingurumena gehien errespetatzen duten autobusekin berritzeko, horretarako lau autobus hibrido, 18 metroko hiru autobus artikulatu eta Euro 6 mikrobus berria erosi dituelarik. 12 metroko beste 14 autobus hibrido berri ere erosi dira eta bi proiektu piloto jarri dira martxan, bata 18 metroko %100 elektrikoa den autobusa probatzeko eta, bestea, 12 metroko autobus hibrido-elektrikoa probatzeko.
Era berean, elektrifikazioaren inguruan Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako lankidetza hitzarmenak erakusten du konpromisoa dagoela ingurumenarekin iraunkorra izango den garraioa sustatzeko.
Horren haritik, 2018ko bukaeran flotak 12 metroko 3 autobus %100 elektriko eta 24 autobus hibrido ditu, eta horiei esker Euskadin dagon autobus flotarik iraunkorrena da, bai eta gutxien kutsatzen duenetako bat ere Estatu mailan, izan ere, 12 metroko autobusen %30 elektriko-hibridoak dira. 2019ko hasieran 14 autobus hibrido berri eskuratu dira eta, gaur egun, %45ekoa da 12 metroko autobus elektriko-hibridoen kopurua.
Grafiko honetan nabarmen ikusten da flotaren bilakaera:
Ildo honetan, kontsumoa murrizteak kilometroko CO2ren igorpenak gehiago murriztea ere ahalbidetu du azken urte hauetan. Murrizketa horrek gorakada handia eduki du 2015az geroztik, grafiko honetan adierazten den moduan:
Era berean, pasa den urtean Dbusek proiektu europar batzuetan parte hartzen jarraitu zuen. Esaterako, REPLICATE, EBSF-2 edo Manbus proiektuetan parte hartu zuen. Horrez gain, E-MOBASK mugaz gaindiko proiektuari hasiera eman zio eta, egun, partzuergoko liderra da. Proiektu horiekin helburua da autobus garraio publikoaren erabilera bultzatzea eta garraio horren efizientzia eta erakargarritasuna areagotzea, ibilgailu iraunkorragoak, kontsumoak eta kutsatzaileen igorpenak murrizten dituzten sistemak eta ticketing modu berriak ezarriz eta erabiltzaileentzako informazioa hobetuz.
Proiektu horien harira, Dbusek EFTren visita jaso zuen. Erakunde hori Garraioko Langileen Federazio Europarra da eta interesa du EBSF 2 proiektuan aztertutako gidatze laguntza sistemak ezagutzeko.
Ildo horretan, Dbus ahalegin handia egiten ari da hiria gero eta hobea eta gero eta bizigarriagoa, gizatiarragoa eta iraunkorragoa izan dadin. Hiriaren erronka estrategiko horretan, funtsezko zutabea dira autobusa erabiltzen duten pertsona guztiak.
Memoria ikusi (pdf)