Dbus, “Mugikortasuna genero ikuspegitik” izeneko jardunaldiko partaide
Gaur, “Mugikortasuna genero ikuspegitik” izeneko jardunaldia egin da Bilbon, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Plangintzako Zuzendaritzak antolatuta, eta Dbusek bertan parte hartu du.
Jardunaldian, garraioaren sektoreko emakumeen ikuspegi profesionaletik zein emakumeen mugikortasunaren beraren ikuspegitik landu da gaia, kontu hauei helduta: emakume gidarien presentzia garraio publikoan; sektoreko berdintasun politikak; autobus lineetako eskaripeko geldialdiak edo puntu beltzen hobekuntzak; eta genero ikuspegia garraio azpiegituretan. Mahai inguru bat ere antolatu da, eta bertan Konpainiako gidaria den Nerea Bravok hartu du parte.
2010az geroztik dauka Dbusek Emakundek ematen duen Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Erakunde Laguntzailearen zigilua, enpresan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean aurrera egiteko hartutako konpromisoagatik eta egindako lanagatik eta horrela eremu soziolaboralean ekimen berriak sustatzeagatik. Sare horretako partaide izanik, Dbusek urrats bat gehiago ematen du berdintasunaren eta Konpainiako langileen garapenean laguntzen duten praktika onen alde hartutako konpromisoan.