Dbus ONCE-ren “Garraio Tour”-en partaide
ONCEren Astea dela eta, Dbusek “Garraio Tour” jardueran parte hartu du. Jarduera hori Gipuzkoako hainbat garraiobidetan egin da, eta bere helburua izan da jendea ohartaraztea zer zailtasun dituzten itsuek garraio publikoan bidaiatzen dutenean eta erakustea zer esfortzu egiten duten garraio operadoreek irisgarritasunaren alorrean.
Gipuzkoako hainbat garraio operadorek eta erakundek parte hartu dute jardueran, hala nola Dbusek, Donostiako Udalak, Gipuzkoako Garraioko Lurralde Agintaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak edo Eusko Jaurlaritzak. Erakunde horien ordezkariek garraiobide guztietan bidaiatu dute, begietan betaurreko batzuk jantzita zituztela, ikusmen urritasunak simulatuz, eta ONCEko pertsonek lagunduta.
Dbuseko 13-Altza lineak egiten duen ibilbidean, egiztatu ahal izan dituzte irisgarritasunaren alorrean azken urteetan egin diren aurrerapenak, bai eta itsuei eta ikusmen urria duten pertsonei autobusean autonomia eta segurtasun handiagoz bidaiatzen uzten dien soinu bidezko informazio sistemaren funtzionamendua ere. Sistemak autobus lineen eta autobusen iritsiera denboren gaineko informazioa ematen ditu soinu bidez, hiru eratan:
– Geltokietako informazio paneletan, autobusak iristen direnean jakinaraziz.
– Autobusaren kanpoaldean, linearen zenbakia eta ibilgailuaren helmuga adieraziz.
– Autobusaren barrualdean, linearen hurrengo geldialdia adieraziz.
Audio zerbitzua aginte baten bidez aktibatzen da, itsuek dutenaren antzekoa eta semaforoen soinua aktibatzeko erabiltzen den bera. Era berean, autobusen barruan, erabiltzaileek audio sistema martxan jartzeko eskatu ahal diete gidariei. Horrela, erabiltzaileek ibilgailuak egingo dituen geldialdien abisuak entzun ditzakete, euskaraz zein gazteleraz. Era berean, flotako ibilgailu guztiak egokituta daude mugikortasun urria duten pertsonentzat.
Donostiako Garraio Erregelamenduak, halaber, Dbuseko autobusetan beste pertsona batekin batera bidaiatzeko aukera ematen die itsuei, seguru eta eroso bidaiatu dezaten, laguntzaile moduan doan pertsonak dohainik bidaiatuta. Modu berean, araudiak ezartzen du txakur gidariekin eta laguntzako txakurrekin ere joan daitezkeela
Urteak dira Dbus eta ONCE elkarlanean ari direla Donostiako hiritarrei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzen eta irisgarriago egiten. Konpainiak aurten ospatuko duen 130. urteurrena dela eta, Dbusek eta ONCEk ospakizuna gogoratzeko kupoi bat kaleratu dute. Era berean, Dbus behin baino gehiagotan izendatu dute Urrezko Kaskabiloa sarirako, oztopoak ezabatzen eta garraio publikoa erabiltzaile guztiengana hurbiltzen egindako lana eta ahalegina aitortzeko.