“Dbus, zugatik egiten dugu lan”, garraio publikoa sustatzeko kanpaina
COVID-19aren ondoriozko egoeretara moldatuz joateko hainbat hilabetetan gogor lan egin ondoren, Dbusek garraio publikoa sustatzeko kanpaina bat abiarazi du etapa berri honetan, Donostian autobusez mugitzen diren pertsona guztiei kalitateko zerbitzua eman ahal izateko, eta are gehiago egoera berri honetan, Konpainiaren barruan egiten den lana erakutsita eta balioetsita: “Dbus, zugatik egiten dugu lan”.
Kanpainak erabiltzaileen konfiantza berreskuratu nahi du, eta ilusioa, lana, esfortzua, segurtasuna, ardura eta konpromisoa transmititu, horiek izan baitira Konpainiaren balio nagusiak bere historiako 130 urte baino gehiagotan. Dbuseko sektore desberdinetako langileak dira kanpainaren protagonistak, tartean direla gidariak, administrazioko langileak, garbitzaileak, Mediku Zerbitzukoak eta Lan Arriskuen Prebentzioko Zerbitzukoak, Erabiltzaileen Arretarako Departamentukoak eta tailerretakoak.
Herritarrekiko konpromiso horren erakusgarri moduan, hilabete hauetan Konpainiaren erabiltzaileen eta langileen segurtasuna bermatzeko prebentzio neurri ugari ezarri dira, autobusen funtzionamendua osasun egoera desberdinetara berehala moldatuta. Autobusen eta instalazioen garbiketa eta desinfekzioa areagotzea, autobusen barruko funtzionamenduaren aldaketa, autobus artikulatu guztiak martxan jartzea, zerbitzuen monitorizazioa edo maskara derrigor erabili behar izatea dira neurri horietako batzuk.
Era berean, kanpainaren asmoa da autobusek eta garraio publikoak mugikortasun iraunkorrerako sistema diren heinean eta ibilgailu pribatuaren aldean igorpen kutsatzaileen aurkako borrokan duten zeregina bultzatzea. Garraioa da ingurumeneko kutsadura iturri nagusietako bat, eta karbono dióxidoaren igorpenen ia laurdena.
Autobusen erabilera handitzeak nabarmen murriztuko lituzke hiriko kongestio arazoak, autobus baten edukiera 20 ibilgailu pribaturenaren parekoa baita batez beste.
Kanpaina hainbat euskarritan ikusi daiteke, hala nola Dbusen markesinetan, 4 autobusen errotuluetan, ibilgailuen barruko pantailetan, web orrian eta sare sozialetan. Era berean, bideo bat egin da autobusak eta zerbitzuak martxan jartzeko prest egon daitezen egunero Kotxetegietan eta hiriko kaleetan dabiltzan bitartean ere arretaz egiten den lana erakusteko.
Bideoa ikusgai dago, baita ere, Dbusen Youtube kanalean (dbusdonostia)