Berriak

Dbusek Don Bosco Institutuko Goi mailako Mugikortasun ziklo berriko ikasleen bisita jaso du

Errenteriako CIFP Don Bosco LHII Lanbide Heziketako ikastetxe publikoan ematen den Mugikortasun Seguru eta Iraunkorreko Goi mailako Gradu berria egiten ari diren ikasleen talde bat jaso du Dbusek bere instalazioetan. Hogei bat ikaslek osatutako taldea hurbildu da Kotxetegietara, eta han instalazioak ezagutu ahal izan dituzte, eta Donostiako autobus flotan instalatutako azken aurrerapen teknologikoak xehetasunez egiaztatu ere bai.

Bisitan, ikasleek Konpainiaren historia eta bilakaera ezagutu dituzte, zeina 1886an sortu, eta zaldiek tiratutako tranbiekin zerbitzua ematen hasi baitzen. Era berean, enpresaren eguneroko funtzionamendua eta departamentuen antolamendua ikusi ahal izan dute. Besteak beste, planifikazioko sistema adituak ikusi ahal izan dituzte. Horiei esker, eraginkortasunez kudeatu daitezke autobusak eta gidarien ordutegiak antolatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak. Horrela zerbitzua optimizatu egiten da, pertsona erabiltzaileei ordutegi zabalagoak eta maiztasun hobea eskainiz eta aldi berean flotako autobusak eta gidariei esleitutako ordutegi ezberdinak koordinatuz.

Era berean, Dbusen ezarritako beste sistema batzuk ezagutu dituzte, hala nola Donostiako BRTa (Bus Rapid Transit), Dbusek dituen ticketing sistemak edo gidatzen laguntzeko EKObus sistema. Puntualtasunean eta abiadura komertzialean zifra altuak lortzea eta Donostiako herritarren aldetik erabilera handia izatea posible egiten duten sistemak dira. Sistema horiekin batera, ikasleek geltokiak sentsorizatzeko sistema ezagutu dute, hau da, big datatik abiatuta konpainiaren autobusetako bidaiarien jatorri-helmuga matrizea eratzeko Dbusek erabiltzen duen programa berritzailea.

Bisitan, halaber, ikasle taldeak zerbitzu teknikoaren lana ikusi ahal izan du, zeina egunero autobusetan gerta daitezkeen gorabeherak konpontzeaz eta autobus flota ahalik eta baldintzarik hoberenean egoteko aldian-aldian ibilgailuei egin beharreko mantentze lanak egiteaz arduratzen baita. Era berean, bisitan Dbusen flotako autobus elektrikoen funtzionamendua egiaztatu dute, eta ibilgailu horien karga sistema ikusi. Dbusek 12 metroko 3 autobus %100 elektriko ditu, eta 59 autobus hibrido. Ibilgailu horiek garbiak dira eta ingurumenarekiko errespetutsuak, eta erabiltzaileek oso ondo baloratzen dituzte.

 

 

Bisitaren osagai praktikoa

Bisita horri esker, autobusek garraio publikoaren funtzionamendu egokirako dituzten beharrak zehatz-mehatz aztertu ahal izan dituzte ikasleek. Eskoletan eskuratutako ezagutzak praktikan jarriz eta 12 metroko eta 18 metroko bi autobus erabiliz, ibilgailuen ezaugarriak eta teknologiak aztertu ahal izan dituzte, bai eta ibilgailuek jiratzeko eta geltokietara hurbiltzeko dituzten premiak eta arrapalaren funtzionamendua ere, besteak beste.

Errenteriako CIFP Bosco LHII ikastetxeak 60 urte baino gehiago daramatza  hainbat prestakuntza arlotan zikloak ematen (horietako 50 automobilgintzaren adarrean), eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Mugikortasun Seguru eta Iraunkorreko heziketa ziklo berria Gipuzkoako lurraldean emateko ikastetxe erreferente izendatu du (ikastetxe bat izendatu da EAEko lurralde historiko bakoitzean). Zikloak autoeskoletan zuzendari eta/edo irakasle jarduteko gaitasuna eta ziurtapena ematen die ikasleei, baina baita administrazio publikoetan edo mugikortasunari buruzko kontsultoretza eta aholkularitza enpresa pribatuetan mugikortasun teknikari aritzeko ere.