Dbusek hiri garraioko enpresa onenaren saria jaso du
Dbus 2027ko hiri garraioko operadore onena aukeratu dute Autobuses & Autocares aldizkari espezializatuak antolatutako “Las Empresas del Año/Urteko Enpresak” sarietan. Bidaiariak errepidez garraiatzen dituzten enpresen ibilbidea, kudeaketa eta ekarpena aitortzen dituen Estatu mailako eta sektoreko erreferentziazko saria da, eta saritutako enpresen izen onak eta erakundeetako ordezkarien eta sektoreko erakunde nagusien parte hartzeak hala dela bermatzen dute. Aitorpen hau, gainera, Donostiako Tranbia Konpainia sortu zenetik 140 urte bete diren unean egingo da.
Dbus, hirugarrenez saritua
Dbusek sari hori jasoko duen hirugarren aldia da, 2007an eta 2015ean lortutako sarien ondoren. Hala, aitorpen hori hirutan jaso duen hiri garraioko enpresa bakarra da, eta horrelakorik lortu duen lehen euskal enpresa. Hirugarren aitorpen honek indartu egiten du Dbusek erreferentziazko operadore gisa sektorean duen posizioa, eta bilakatzeko eta etengabeko hobekuntzarako duen gaitasuna balioesten du, bai eta zerbitzuaren kalitatearekin, berrikuntza teknologikoarekin eta mugikortasun jasangarriarekin duen konpromisoa ere. Gainera, babes handia ematen dio nola Dbusen ibilbideari, hala Donostiako herritarrei garraio publiko gero eta eraginkorragoa, irisgarriagoa eta jasangarriagoa eskaintzeko egindako lanari.
Saria ematerakoan funtsezkoak izan dira garraio publikoaren erabilera handia eta autobus zerbitzuaren etengabeko hobekuntza, bai eta garraio ez-kutsatzaileen erabilera sustatzeko aurrera eramandako ekimenak ere. Donostia da autobusaren erabilera indizerik handiena izan eta autobus zerbitzua efizientziarik handienaz eskaintzen duen hiria, donostiar bakoitzarengandik hurbilago dagoen eta abiadura komertzial eta puntualtasun handiarekin dabilen autobus sare batekin.
Sariek babes instituzional handia dute, bai eta administrazio publikoetako, erakunde profesionaletako, operadoreetako, enpresetako eta fabrikatzaileetako ordezkarien parte hartzea ere. Sariak banatzeko ekitaldia abenduaren 17an egingo da Madrilen.
Azken urteotan Dbusek sektoreko hainbat sari garrantzitsu jaso ditu. Izan ere, 2025ean Londresen urtero banatzen diren “Transport Ticketing Awards” sarietan munduko tiketing onena duen garraio publikoko operadore gisa aitortu zuten. Sari horiek garraio publikoaren jasangarritasuna eta eraginkortasuna hobetzeko berrikuntzaren aldeko apustua aitortzen dute.
