Berriak

Dbuseko autobusen erabilera handia San Tomas egunean

Pasa den abenduaren 21ean, larunbatean, 2019ko San Tomas eguna ospatu zen, eta egun horretan Dbuseko autobusen erabilera handia erregistratu da. 112.648 bidaia zenbatu dira, kopuruak behin-behinekoak badira ere.  

Emaitza horiek kontuan izanda, bidaiarik gehien eduki duen larunbata da Dbusen historian, hiri zerbitzuak Donostian soilik ematen dituenetik. Kopuru horiek 2013an erregistratutakoak gainditzen dituzte; orduan ere San Tomas eguna larunbata izan zen eta 104.604 bidaia zenbatu ziren. Neguko ohiko larunbat batean baino 51.000 bidaia gehiago dira, halaber.

Lineaz linea begiratuta, hauexek izan ziren erabilienak:

  • 13-ALTZA: 16.124 bidaia
  • 5-BENTA BERRI: 14.668 bidaia
  • 28-AMARA-OSPITALEAK: 13.143 bidaia
  • 26-AMARA-MARTUTENE:  9.021 bidaia

Autobusen erabilera arrakastatsu hori lortzeko, DBUSek lineak indartzeko dispositibo berezia jarri zuen abian egun osoan zehar, 29 gidari eta autobus gehiagorekin.

Era berean, Mugikortasuneko Agenteen laguntza erabakigarria izan zen garraio publikoak behar bezala funtzionatu ahal izateko.