Berriak

Garberara iritsi da Dbusen historiari buruzko erakusketa

Garberara iritsi da Dbusen historia eta Donostiako autobus garraio publikoaren bilakaera biltzen dituen erakusketa, eta gaur, azaroak 18, hasi eta hurrengo abenduaren 8ra arte egongo da ikusgai. Erakusketa hau irailean egindako Mugikortasunaren Astearen harira sortu zen, eta Alderdi Ederren egon zen ikusgai. Orain, berriz, hiru astez bisitatu ahal izango da kokapen berri honetan.

Hainbat panelez osatuta egongo da erakusketa, non bisualki jasoko baita Konpainiak 1886an sortu zenetik izan duen bilakaera, bai eta konpainiaren flotak flota moderno eta jasangarri bihurtu arte izan duen eraldaketa ere. Errepaso historiko horretaz aparte, autobus elektriko berrien eta autobus horiek dituzten gailuen funtzionamenduaz, ibilgailu berritzaile horien fabrikazio prozesuaz eta bateria elektrikoen funtzionamenduaz eta ezaugarriez informazioa biltzen du, bai eta herritarrentzat dakartzaten abantaila eta onuren gainekoa ere.

Baina, erakusketa ikusteaz gain, Garberako bisitariek 1989ko Mercedes autobus batera igotzeko aukera izango dute. Autobus horrek 2004ra arte eman zuen zerbitzua Donostian. Ibilgailu hori Garberan ikusi ahal izango da, azaroaren 22an eta 29an, larunbatez, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara, Agabus elkarteari esker. Agabus Autobus Lagunen Gipuzkoako Elkartea da, Dbusen barruan sortu zen, eta hiriko mugikortasunarekin lotutako ondarea kontserbatzeko lanean dihardu.

Horrela, Garberak eta Dbusek bat egiten dute erakusketa honekin, garraio publikoaren garrantzia ikusarazteko. “Garberara iristea gero eta errazagoa eta jasangarriagoa izatea nahi dugu, gure komunitatearekin dugun konpromiso handietako bat da-eta. Erakusketa honek, hain zuzen ere, gure hiriko mugikortasun jasangarriari balioa ematen dio, eta bultzatzen eta indartzen jarraitu behar dugu mugikortasun hori”, berretsi du Nuria Vegas Garberako gerenteak, gogorarazita espazio horrek garraio publikoa ez ezik, oinez, bizikletaz edo ibilgailu elektrikoetan iristea ere sustatzen duela, kargatzeko guneak eta aparkaleku egokituak eskainiz.

Dbusek, berriz, 23 autobus %100 elektriko ditu une honetan, eta datozen asteetan flotan 12 metroko 24 autobus berri gehitzea espero da. Horri esker, flotako autobusen %30 elektrikoak izango dira. Flotaren eraldaketa Bideberdearen parte da, hots, Dbusek eta Donostiako Udalak garraio publikoa zerbitzu garbi, eraginkor eta isila bihurtzeko egindako apustua, 2030ean Dbuseko flota %100 jasangarria izan dadin.

Garberan egon ondoren, asmoa da erakusketa hau hiriko puntu gehiagotara iritsi ahal izatea eta Donostiako herritarrei Dbusen historiaren zati bat eta orainaren eta etorkizunaren zati bat ere hurbildu ahal izatea.