Berriak

Hasi da Illunbeko aparkalekua eta hiri erdigunea lotzeko anezka zerbitzua

Uztailaren 13an hasi da zerbitzua ematen Illunbeko doako aparkalekua eta hiri erdigunea lotuko dituen anezka autobusa, Dbusek eta Donostiako Udalak, Mugikortasun Departamentuaren bidez, sustatuta.

Anezka zerbitzuak Illunbeko doako aparkalekuaren eta Donostiako hiri erdigunearen arteko joan-etorriak errazten ditu, garraio publikoa sustatzeko eta hiriko trafikoa murrizteko helburuarekin. Azken urteetan, zerbitzua urteko bi garaitan eskaini da, Gabonetan eta udan, eta hirira bisitan datozen pertsonek ondo hartu dute zerbitzua. Iaz, adibidez, 37.715 bidaia egin ziren guztira.

Olatz Yarza Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak gogorarazi du “anezka autobusa sendotzen joan dela azken urteetan, eta bisitatzen gaituztenei hiri erdigunera azkar, eroso eta modu jasangarrian iristeko aukera ematen diela”.

Yarzak gaineratu du “zerbitzu horri esker Illunbeko aparkalekuaren erabilera indartzea lortzen dugula, Park and Ride edo disuasio aparkaleku gisa, hiriak bisitari gehien dituen sasoietan.  Tresna garrantzitsua da, eta urte sasoi honetan hirian pilatzen den trafikoa murrizteko datozen egunetan ezarriko diren gainerako neurriei batzen zaie, ingurumeneko kutsadura eta kutsadura akustikoa murriztuta, herritarren mesedetan”.

Anezka zerbitzua 20 minutuan behin izango da, egunero, uztailaren 13tik, larunbata, irailaren 1era, igandea, eta, orain bezala, bi geltoki izango ditu:

  • Illunbeko geltokia: Irteerak 11:00etatik 22:20ra, 20 minutuan behin
  • Mendeurreneko plazako geltokia: irteerak 11:10etik 22:30era, 20 minutuan behin.

Nobedadeak zerbitzuan

Aurten, udako kanpainan Donostiara autoz hurbiltzen diren pertsona guztien artean zerbitzu horren erabilera sustatzen jarraitzeko, Udaleko Mugikortasun Departamentuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren Departamentuak akordio bat egin dute, Donostiara sartzeko errepide nagusietan jarritako panel argidunen bidez zerbitzuaren berri emateko eta ibilgailu pribatuak aparkaleku horretara gidatzeko.

Behin hirian egonda, Park and Ride horren berri ere emango da termometro digitalen pantailen eta seinale bertikalen bidez, bai eta hiriko beste bi disuasio aparkalekuen berri ere (Igara eta Unibertsitateak), horiek ere hiri erdigunearekin konektatuta baitaude Dbuseko linea erregularren bidez

Aurreko urteetan ez bezala, hiriko gainerako linea erregularretan ohikoak diren tarifak aplikatuko zaizkio zerbitzu horri, eta Dbusen onartutako edozein titulurekin ordaindu ahal izango dira: Mugi, BAT edo BARIK txartelak, gaur egun %50eko hobaria dutenak, San Sebastian Card, eta QR edo EMV titulu digitalak eta noizbehinkako bidaia txartela.

Bidaia garraio txartelarekin ordaintzen dutenek auzo guztietara doako transbordoak egin ahal izango dituzte Dbuseko sarean. Era berean, garraio txartelik ez duten bisitariek QR kodea duen bidaia txartel berria eskuratu ahal izango dute, Dbuseko app ofizialaren bitartez, zeina iOS eta Androiderako eskuragarri dagoen. Bidai txartel horrekin, Dbuseko sare osoan nahi beste bidaia egin ahal izango dituzte, bidaia txartela erosi eta hurrengo 30 minutuz, 24 orduz edo 48 orduz.

Autobus %100 elektrikoa

Illunbetik hiri erdigunerako joan-etorriak egingo dituen ibilgailua 12 metroko autobus bat da, %100 elektrikoa eta zero igorpenekoa. MAN Lions City 12e modeloko autobusa da, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren Helmugetako Jasangarritasun Turistikorako ezohiko deialdiaren barruan erosi da, Next Generation Europako funtsek finantzatuta.