Berriak

Izan zitekeen Donostia, Dbuseko markesinetan

Urriaren 7tik azaroaren 14ra “Gazteluak airean edo nola eraiki utopia gaur egun” lelopean egingo den Euskadiko Arkitekturaren Nazioarteko Bienalaren bosgarren edizioaren esparruan, Dbuseko markesinek “Donostiako Ukroniak: Donostian egin ez ziren arkitektura eta hirigintza proiektuak” proiektua hartuko dute. Proiektua Santos Bregaña artista eta diseinatzailearena da, eta Open Mugak deialdi irekiaren bidez hautatu zen. Bienala/Mugak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak antolatzen du.

10 postalen bidez, markesinetan ikusiko dugu iraganean proiektatu ziren eta gauzatu ez ziren eraikuntza eta hirigintza proiektuei esker izan zitekeen Donostiari buruzko ikuspegi bat, bi aldetatik. “Ideia horiek gauzatu izan balira, nolakoa izango zen Donostia?” galderaren inguruko hausnarketa bisuala. Pentsatutako baina gauzatu gabeko proiektu horiek hirigintza erabakien eta horiek hirian duten eraginaren inguruko hausnarketa kritikoa dakarte: Kontxako badia portu industrial bihurtzea, Santa Klara uhartean adinekoentzako egoitza bat sortzea, Urgullen hiri lorategi bat sortzea, etab.

Markesinen alde batetik aurkezpen bisual bat jasotzen da eta markesinaren beste aldetik errealitate paralelo horietatik datozen testu epistolarrak jasotzen dira, Harkaitz Cano idazleak, hirian irudikatutako tokietako biztanle bihurtuta, toki horietako bakoitzetik postalak bidaltzeko idatzitakoak.

Postal horiek hiri ingurunearen etorkizunari eta hiri baten nortasuna moldatzeko duen gaitasunari buruzko gogoeta eragiten dute, eta datozen asteetan ikusi ahal izango dira markesinetan.