Berriak

Monterreyko garraio arloko profesionalak bisitan Dbus-eko instalazioetan

IMG_2121Urriaren 21ean, asteartea, Dbusek Monterreyko Garraio eta Bidezaintzako Estatuko Kontseilutik (Mexiko) bisitan etorritako ordezkaritza bat hartu zuen bere instalazioetan.  Euskadira egindako bisita tekniko horretan, CETyV erakundeko profesionalek Kotxetegietako instalazioak ezagutzeko aukera izan zuten, eta Donostiako autobusetan instalatutako azken aurrerapen teknologikoen xehetasunak egiaztatu ere egiaztatu zituzten, esaterako antibunching-erako (autobusek bat ez egiteko sistema) eta gidatze eraginkorrerako sistema, itsuentzako audio bidezko informazio sistemak edo billeteak baliozkotzeko makina berriak, azkarragoak eta eraginkorragoak direnak, bai eta autobusen erabilera, eraginkortasuna eta segurtasuna hobetzeko kontrol eta kudeaketa sistemak ere.   

Monterreyko ordezkaritzak Ustiapenean Laguntzeko Sistema (SAE) ezagutu zuen. Sistema horrek teknologia berriak erabiltzea ahalbidetzen du erabiltzaileei zerbitzu hobea emateko, eta Kotxetegien eta gidarien arteko barne komunikaziorako bide bat sortzen du.   Sistema 2004an ezarri zen Dbusen, eta berari esker geltoki guztietan jakin daiteke autobusak noiz helduko diren, eta hurrengo geldialdiari buruzko eta geldialdi bakoitzean egin daitezkeen autobus aldaketen gaineko informazioa eman daiteke autobus barruan.

CETyV erakundeko arduradunak Donostiako Hiriko BRT sistema berritzaileaz ere (Bus Rapid Transit) interesatu ziren. Bus sistema hori, funtsean, garraiorako bide esklusiboak eta erreserbatutako plataformak dituen sistema bat da, konexio eraginkorra eta erabiltzaileari denbora errealean informazioa emateko sistema bikaina eta zerbitzuan modu optimizatuan planifikatzeko aukera eskaintzen dituena. Gaur egun Dbusek BRT sistema dauka bere bi lineatan, zehazki Benta-Berriko 5 linean eta Amara-Ospitaleetako 28 linean. Garraio kolektiborako sistema berritzailea eta adimenduna da, eta Dbuseko autobus sareko gainerako autobusekin bikain integratuta dago, eta berari esker hiriak 10.5 milioi bat euro aurrezten ditu urtean, istripuak, zaratak, eguratsera igorritako kutsatzaileak eta trafiko pilaketak gutxitu egiten dituelako. Mexikoko ordezkaritzak ustekabe atsegina izan zuen BRT sistemaren eraginkortasuna eta efizientzia ikusita, izan ere bere erabiltzaile kopurua eta abiadura komertziala (17,5 km/h) beste hiri batzuetako tranbia sistema askorenak baino handiagoa da

Ordezkaritzak oso positiboki baloratu zituen Dbusen azken urteetan ezarritako sistema teknologikoen emaitza onak eta Konpainiaren autobusek puntualtasunari eta abiadura komertzialari lotuta dituzten zifra altuak.  Dbuseko autobus elektrikoaz ere interesatu zen. Autobus hori Irizarrek sortu zuen eta uztailean jarri zen martxan. Ezaugarri horiekin Europan dagoen lehen autobusa da, eta Donostia da autobus hori zirkulazioan izan duen lehen hiria. Donostia lidertzat jotzen da Europan Garraio Publikoaren erabilerari dagokionez, eta, Elektromugikortasunaren esparruan, Donostia guztiz lerratuta dago EBk 2050erako finkatutako helburuekin, hau da, hiriguneen barruan dabiltzan ibilbide guztiak elektrikoak izan beharko luketela ezartzen duen helburuarekin.

Dbusen oso garrantzitsutzat jotzen dugu nazioarte mailan hiriko garraioaren hobekuntzan lanean ari diren enpresa eta erakundeekin harremanetan egotea, bere testuinguru partikularreko premietan zentratuta baina ikuspegi globalarekin, izan ere, kanpoko esperientzietatik ikasteko aukera ematen du eta etorkizuneko ikuspegi berri bat ere bai, lankidetza berriak eta baterako proiektuak sortzeko aukerak irekitzeaz aparte.